Alazne Intxauspe: “Lurra, haziak, ura, abereak, lurraldeak eta ondasun komunalak zainduko dituen sistema behar dugu”

Agroekologia ala hil greba feminista
«Kapitalismoak ulertzen duen hizkuntza bakarrean hitz eginez gero, hau da, termino ekonomikoetara joanez gero, pobreak gara sistemak hala egiten gaituelako eta aldiz guk bera aberats egiten dugu»
«Lurra, haziak, ura, abereak, lurraldeak eta ondasun komunalak zainduko dituen sistema bat behar dugu»
«Zaintza elikatzetik ere badatorrela eta zaintza sistema bat antolatzeko guztion elikadura osasuntsua erdigunean jarriko duen sistema antolatu beharra daukagula aurretik»

Elikadura Burujabetzaren alde gauden emakume baserritar feministak gara eta ohituak gaude gure proiektu txiki agroekologikoak ez direla errentagarriak entzuten. Ez baititugu produkzio sistema oso mekanizatuak edo teknifikatuak erabiltzen, gure sistemak ez baitira bere tratamentu fitosanitario, ekologiko edo ez, guztiekin monolaborantza egitera behartzen gaituzten sistema intentsiboak.

ALAZNE INTXAUSPE

Izan ere gu gara eta ez dugu ekoizten, guk landu egiten dugu eta zaindu. Egunero saiatzen gara lan egiten dugun lur zatitxo bakoitza zaintzen, gurekin elkarbizi diren izaki bizidun guztiak zaintzen, gure elikadura sistema zaintzen, elikatzen ditugun pertsonak eta gurekin sarean lanean ari diren pertsonak zaintzen eta horrela elkar zaintzen gara. Gu gauden lurra emankorra da, biodibertsitatez gainezka dago, elikadura burujabetza eraikitzen ari gara eta zoriontsu gara.

Benetan ez gara errentagarriak? Kapitalismoak ulertzen duen hizkuntza bakarrean hitz eginez gero, hau da, termino ekonomikoetara joanez gero, pobreak gara sistemak hala egiten gaituelako eta aldiz guk bera aberats egiten dugu.

Eskerrak, atzo Euskal Herriko kaleetan erakutsi genuela, gizartearen indarrarekin lehentasunei buelta ematen ari garela eta bizitzaren zaintza erdigunean jartzea lortzen ari garela.

Izan ere, gure ikuspuntutik, zaintza pertsonak zaintzea baino gehiago da. Lurra, haziak, ura, abereak, lurraldeak eta ondasun komunalak zainduko dituen sistema bat behar dugu. Eta ezin ahaztu, zaintza elikatzetik ere badatorrela eta zaintza sistema bat antolatzeko guztion elikadura osasuntsua erdigunean jarriko duen sistema antolatu beharra daukagula aurretik. Elikadura sistema ez baita ekoizpenera eta eraldaketara mugatzen. Banaketa, kontsumoa, erosketa publikoa eta etxeak barneratzen dituen sistema oso bat da.

Handiak dira beraz aurrean ditugun erronkak eta handiagoa da Euskal Herriko Mugimendu feministak “denon bizitzak erdigunean” dinamikaren bitartez alor ezberdinetako eragileak zaintza sistemari begira jartzeko izan duen gaitasuna. Marko horretan, hainbat sindikatu, gizarte eragile, gizarte mugimendu eta abarrek Euskal Herriko zaintza sistema publiko komunitario baten alde gaudela aldarrikatu genuen atzo ozen, herria mugiarazi genuen. Denok dugulako eskubidea duintasunez zaindu eta zainduak izateko.

Eta ez zen ezer hasi atzo eta bukatu ere ez zen ezer egin. Prozesuaren parte izan zen atzoko eguna eta itzela izan zen, zoragarria. Segi dezagun zaintza erregimen kapitalista, klasista, heteropatriarkal eta arrazista hau irauli arte pausuz pausu bidea egiten. Gu behintzat bidelagun izango gaituzue aurrerantzean ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.