Nerea Zuluaga eta Hodei Rodriguez: «Energia berriztagarrien zabalpen demokratiko bat bultzatu behar da»

* Nerea Zuluaga eta Hodei Rodriguez Jauzi Ekosozialeko bozeramaileak dira

Klima larrialdia saihesteko sistema errotik aldatu behar dela uste dute Zuluagak eta Rodriguezek, baina nabarmendu dute bitartean erreformak ezinbestekoak direla.

energia berriztagarriak

[berria]

Larunbatean aurkeztu zuten Jauzi Ekosoziala, eta talde horretako bozeramaileak dira Nerea Zuluaga (Deustu, Bilbo, 1994) eta Hodei Rodriguez (Getxo, Bizkaia, 1994). Duela bi urte baino gehiago hasi zuten hausnarketa prozesu batetik sortu zen taldea, eta ingurumenak gaur egun dituen mehatxuak, izan klima larrialdia edo biodibertsitatearen galera, ikuspuntu global batetik landu nahi dituzte.

Nondik sortu da Jauzi Ekosoziala?

HODEI RODRIGUEZ: Kontua duela bi urte eta erditik dator. Euskal Herriko hainbat eragile eta norbanako biltzen hasi ginen, ikusi genuelako krisi ekologiko sakon batean gaudela eta sistema honek kolapso ekologiko batera garamatzala. Ikusi genuen bazeudela tokiko eragile ekologistak, bazegoela jendea antolatuta tokian tokiko arazoei aurre egiteko, baina saiatu behar genuela jauzi kualitatibo bat egin eta behintzat Hego Euskal Herri mailan egituratzen, jende gehiago batzeko borroka ekosozialera eta sistema honen aurka alternatiba bat proposatzeko.

NEREA ZULUAGA: Horretarako, bilera batzuk egin ziren talde ekologista batzuen artean, eta azken fasean 2022ko ekotopaketak egin genituen, eta hor erabaki zen tresna berri bat behar zela Euskal Herri mailan, mugimendu ekologistak beste zerbait behar zuela. Hortik beste dinamika bat abiatu genuen, eztabaidatzeko ea zer zen sortuko zen hori, larunbateko aurkezpenera arte.

Zer ondorio atera duzue prozesu horretatik?

ZULUAGA: Orain arte, mugimendu ekologista herrietan egon da gehienbat, proiektu jakinen aurka; beti izan da oso erantzunezko edo erresistentziazko mugimendua, eta pentsatu genuen zerbait proposatzaileagoa sortu behar zela.

RODRIGUEZ: Ez da nahikoa eustea; ondo dago azpiegitura txikitzaileak gelditzen saiatzea, baina egin behar duguna da benetan aurrerapauso bat eman sistema hau aldatzeko, normalitateak berak hondamendi ekologikora garamatza eta. Beraz, ez da nahikoa proiektu txikitzaileak amaitzearekin: aurrerapauso bat eman behar dugu sistema aldatzeko. Horregatik, garrantzitsua da aldaketa kultural hori. Sistema kapitalistak lortu du guk zoriontasuna lotzea energia kontsumo handiago batekin, eta horri buelta ematea lortu behar dugu. Kontsumismoa da horren adibide nagusia: sistemak horretara eramaten gaitu, baina guk dioguna da ezetz, sistema aldaketa bat beharrezkoa dela gu hobeto bizitzeko, baina gutxiago kontsumituz.

«Baliabideak murriztuko badira, lehia bat egongo da, eta desberdintasuna areagotu egingo da. Kontua da neurriak hartzea desberdintasunak ez areagotzeko»
NEREA ZULUAGA

Uste duzue posible dela desazkundea sistema kapitalistaren barruan?

ZULUAGA: Zientifikoki badaude datuak esaten dutenak desazkunde hori gertatuko dela; kontua ez da posible den edo ez, gertakari bat da. Gero eta ondasun gutxiago izango dugu, petrolio gutxiago, gas gutxiago... garestiagoa ere izango da; beraz, eskuragarritasuna ere murriztuko da, eta orokorrean gure bizitzaren kalitate hori aldatu egingo da. Kontua ez da desazi edo ez, kontua da nola egin nahi dugun. Noski, baliabideak murriztuko badira, lehia bat egongo da, eta desberdintasuna areagotu egingo da. Kontua da neurriak hartzea desberdintasunak ez areagotzeko.

Gaurkotasun handiko gaia da klima larrialdiarena.

ZULUAGA: Gure lanketetako bat da, eta uste dugu CO2 isuriak murriztu behar ditugula, gehien kutsatzen dutenek batez ere. Eta Euskal Herrian Repsol eta Iberdrola dira. Horregatik egin izan dugu Repsolen aurkako ekintzaren bat. Uste dugu gehien kutsatzen duten horiek ordaindu behar dutela trantsizio ekosozial hau, haiei zergak handituz eta diru horren bidez trantsizioa ordainduz, bidezko trantsizio bat egiteko.

Uztartzeko modukoak al dira erreforma eta sistemaren aldaketa?

RODRIGUEZ: Nik esango nuke arazorik gabe uztar daitezkeela. Historikoki, iraultza sozialistan langile mugimenduaren helburua zen sistema aldatzea, baina ez zegoen nolabaiteko erloju bat muga bat ipintzeko. Aldiz, krisi ekologikoaren aurrean ikusten duguna da urgentzia egoera bat dagoela. Egoera larria da, horregatik urgentzia hori, eta hor erreformek ere garrantzi handia dute, horien bitartez denbora irabazi dezakegulako. Isurtzea saihesten dugun CO2 tona bakoitza garaipen bat da.

«Klima larrialdiaren soluzioa ez da teknologikoa, baizik eta politikoa, antolamenduarena»
HODEI RODRIGUEZ

Estrasburgok eman berri duen epaiak esperantza sortzen dizue instituzioen inguruan?

RODRIGUEZ: Nik egia esanda ez daukat konfiantza handiegia instituzio horietan; ulertu behar dugu horiek enpresa handien menpe daudela gaur egun. Salaketa ipini duen jendearengan, ordea, bai. Uste dut hori dela bidea: ahal dugun egitasmo guztien bidez presioa egitea benetako trantsizio ekosozial baterako, baina, horretarako, antolatu egin behar dugu herri sektoreek, langileek eta orokorrean zapalduek.

Zer iritzi duzue Eusko Legebiltzarraren trantsizio energetikorako legeari buruz?

ZULUAGA: Legeak zabaldu du bide bat, nahiz eta oso orokorra izan eta mugarik ez jarri. Adibidez, ez du argitzen nola egingo duen CO2 isurien %30eko murrizketa hori. Atea zabaltzen du enpresek proposamenak egiteko, baina ez ditu mugak jartzen, eta hori beharrezkoa dela uste dugu, baita debekuak jartzea ere: enpresei esatea zer ezin duten egin. Eta hori ez dago.

Gizartearen zati handi baten haserrea piztu du legeak.

RODRIGUEZ: Xehetasunak alde batera utzita, legearen filosofia bera nahiko okerra da, planteatzen delako klima larrialdiari aurre egin diezaiokegula soluzio teknologiko baten bidez. Kontrolik gabe emango zaie bultzada energia berriztagarriei, eta badirudi horrek klima larrialdia konponduko duela. Eta guk dioguna da benetan gizartean aldaketak ez baditugu sortzen soluzio horiek beste arazo batzuk sortu ditzaketela, arazoa ez baita soilik klima aldaketarena, baita biodibertsitatearen galerarena ere, eta energia berriztagarrien makroinstalazioek kalte handia eragin dezakete. Klima larrialdiaren soluzioa ez da teknologikoa, baizik eta politikoa, antolamenduarena.

Makroproiektu horiek errealitatea dira gaur egun.

RODRIGUEZ: Enpresa handiek agintzen dute oraindik ere; orain arte euren negozioa mundua kutsatzea izan da, horrekin aberastu dira, eta orain saldu nahi digute eurek salbatuko gaituztela. Horrek ezin du horrela izan. Gure ustez, energia berriztagarriak bultzatu behar dira, behar ditugu, baina ezin da edozein eratan bultzatu hori. Energia berriztagarrien zabalpen demokratiko bat bultzatu behar da, herritarron kontrolpean egongo dena, eta betiere biodibertsitatea babestuz. Orain ikusten duguna kontrakoa da.

ZULUAGA: Kapitalismoaren eta lehiaren logika honetan saltzen dena da presa dagoela, eta berriztagarriak azkar zabaltzen ez baditugu ez garela lehiakorrak izango, eta txarto kokatuko garela eta atzean geratuko garela. Eta hori da gaur egun Eusko Jaurlaritzak daukan bidea. Presa dagoenez, egin dezagun hau lehenbailehen. Baina benetan beharko litzatekeena da ongizate ereduaren eraldaketa sakon bat egitea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.