Zigoitia shock egoeran dago. Hauteskundeak igaro, eta bat-batean panel fotovoltaikoen makroproiektu bat ekarri digute mahai gainera, nekazari lurren hedadura izugarria estaltzeko asmoekin. Proiektu hori orain atera da argitara, botoa eskatzen ziguten politikari horiek jada oniritzia emana diotenean (isilka-misilka eta udalen gainetik pasatuta), eta hara!, proiektuari nolabait aurka egin ahal izateko alegazioen aurkezpenerako denbora justua baino geratzen ez denean. Eta hedabide nagusi guztiak isilik hauteskundeak igaro diren arte.
[berria]Gauza berbera egiten ari dira gainera, gutxi gorabehera, Arabako hainbat lekutan, eta baita beste Herrialdeetan ere, espazio izugarriak panel fotovoltaikoz eta errota eoliko erraldoiz betetzeko asmotan. Hori guztia makroproiektu «ekologikoak» direlako maskaradapean, nahiz eta, azkenean, Solariaren poltsikoak bete eta ingurumen- eta gizarte-inpaktu izugarria izateko baino balioko ez duten.
«Teknologia berriztagarriek ingurumenean eta gizartean gutxieneko kaltea eragiteko gakoetako bat eskala da, eta teknologia hauen alderdi onetako bat horixe da, eskala txikian ezin hobeto ezar daitezkeela»
Eta jendearen erreakzioa mamitzen hasi denean, ETB2n eman zena bezalako albisteekin egin dugu topo; maiatzaren 16ko Teleberri albistegian Africa Baetak honako esaldi honekin zabaldu zuen albistea: «En Araba continúan las protestas en defensa de la tierra agraria y en contra de las renovables...». Ez dakigu esaldi hau falaziaren eremuan ala zuzenean gezur gordinarenean kokatu beharrean gauden. Erreakzio-mugimenduaren ekitea Berriztagarriak bai, baina ez horrela tankerako lelo argiekin hasi dela kontuan hartuta... bakoitzak epai dezala. Edozein kasutan, manipulatzeko asmoa nabarmena da.
Kontua da badakigula gauzak beste era batera egin daitezkeela. Teilatuak sobera daude, ez dago zertan nekazaritza- eta natura-eremuak makroegiturekin suntsitu. Izan ere, teknologia berriztagarriek ingurumenean eta gizartean gutxieneko kaltea eragiteko gakoetako bat eskala da, eta teknologia hauen alderdi onetako bat horixe da, eskala txikian ezin hobeto ezar daitezkeela. Berez, energia iturria nahi den besteko berriztagarria izanik ere, «makro» eskalan planteaturiko edozein proiektuk inpaktu latza eragiten du ingurunean; alegia, berriztagarrietarako trantsizioa egiteak benetako hobekuntzaren bat ekartzekotan, eskala eta ustiapen-eredua aldatzea erabat beharrezkoa dugu. Baina noski, horrela eginez gero, Solaria bezalako enpresek horrelako muntaketetatik aterako lituzketen etekinak ere ez lirateke hain mamitsuak izango...
«Berriztagarrietarako trantsizioa egiteak benetako hobekuntzaren bat ekartzekotan, eskala eta ustiapen-eredua aldatzea erabat beharrezkoa dugu. Baina noski, horrela eginez gero, Solaria bezalako enpresek horrelako muntaketetatik aterako lituzketen etekinak ere ez lirateke hain mamitsuak izango...»
Ez omen dago ikusi nahi ez duena baino itsuagorik. Megaproiektu honen garapena, herritarren erreakzio-aukerak oso txikiak izan arte bide administratibotik isilka aurrera eginez, eta politikari eta hedabide printzipalen aldetik arretarik erakarri gabe egin dela ikusten ez duenak, nahi ez duelako ez du ikusten. Orain, erreakzioaren aurrean, politikari batzuek ezjakinarena egiten dute, eta bularrean kolpeak ematen dituzte sinpatiak eurenganatzeko eta jendearen haserrea arintzeko, «arduratzen denik badagoela» ikusaraziz... azkenean «egin zitekeena egin dugu, baina ezin izan da, zer egingo diogu ba!» esaten bukatzeko.
Guztiz sinesgaitza da alderdi printzipalek azkenera arte makroproiektu hauen garapenaren berririk ez izatea. Intentzio guztiz mantendu dute isilean, eta hauteskundeak igaro arte itxaron dute bonba askatzeko; jardun horrek muntatze guztiaren konplize egiten ditu. Eta agintari politiko eta hedabide nagusi guztiei buruz dihardut. Hauen arteko edonork gaia lehenago azaleratu eta apurren bat akuilatu izan balu, Solariaren proiektuen aurkako herri-mugimendua askoz ere antolatuago eta indartsuago egongo zatekeen, gertatzen ari denaz ohartarazten jada denboratxo bat badaramaten nekazari eta abeltzainez haratago. Alabaina, guztiz kontrakoa egin dutela dirudi, proiektuak azkenera arte publizitate eta oposizio txikienarekin aurrera egin zezan lagunduz.
«Intentzio guztiz mantendu dute isilean, eta hauteskundeak igaro arte itxaron dute bonba askatzeko; jardun horrek muntatze guztiaren konplize egiten ditu. Eta agintari politiko eta hedabide nagusi guztiei buruz dihardut»
Eta horrek posizio berezi batean jartzen ditu tokiko politikariak. Zuen buruzagi nagusiek Solaria bezalako enpresa baten interesei men egin dietela hain nabaria izanik... Zer egingo duzue? Kontuak eskatuko dizkiezue, ala belarriak jaitsi eta barne-diziplinari jarraituko diozue? Zuen herriak beren bizimodua suntsitzen duten makroproiektuen aurrean defendatuko dituzue, ala «ahal izan duguna egin dugu, baina ez dago zereginik...» esaten lehenak izango zarete? Nik gauza bat argi daukat: okerragoa da lagun faltsua, etsai aitortua baino.