Jende eta hedabide ugari Azoka Gardenean, Etxaldeko Emakumeak eta EHNE Bizkaia erakundeek antolatuta

EHNE Bizkaiak eta Etxaldeko Emakumeek Azoka Gardena zabaldu dute gaur Bilboko Areatzan, eta jende eta komunikabide ugari bildu dira. Ekitaldian, bi erakundeek zaintza-sistemari buruzko ekarpenak egin dituzte, eta 400 poltsa banatu dira esnekiekin, ogiarekin eta sasoiko barazkiekin.

Hedabideen presentzia handiaren aurrean, Amets Ladislaok, erakunde antolatzaileen ordezkari gisa, ekintza honekin lortu nahi diren helburuak azaldu ditu, eta Etxaldeko Emakumeak eta EHNE Bizkaia Euskal Herriko mugimendu feministak azaroaren 30erako deitutako greba orokor feministarekin bat egiten dutela adierazi du.

Prentsa Oharrean, zeinaren eduki nagusiak Ladislaok hedabideei deskribatu baitizkie, bi erakundeek ekarpenak egin dituzte zainketa-sistemaren inguruan egindako gogoeta eta proposamenetan, hori baita greba orokorraren deialdiaren arrazoi nagusia.

Horrela, eta zaintza "pertsonak zaintzea baino gehiago" dela kontuan hartuta, "lurra, haziak, ura, abereak, lurraldeak eta ondasun komunalak ere zainduko dituen sistema bat" behar dugula uste dute, "holistikotzat" jo duten ikuspegia azalduz. Zentzu horretan, "zaintza elikatzetik ere badator eta ezin dugu zaintza sistema bat antolatu arinago elikadura osasuntsua erdigunean jarriko duen sistema bat antolaturik ez baldin badago".

"Ulertu behar dugu, kapitala eta agroindustriaren kontrako borroka oso handia eta basatia dela, eta emakume baserritarrak oso gutxi garela horri guztiari aurre egiteko, beraz, bidelagun gara. Gainera, elikadura sistema ez da ekoizpenera eta eraldaketara mugatzen. Banaketa, kontsumoa, erosketa publikoak eta etxeak barneratzen dituen sistema oso bat da. Denok egunero jaten dugu eta ikuspegi global eta holistiko batetik ulertu behar dugu gaia".

Beraz, hasierako bi ondorioak nabarmenak dira:

  1. "Elikadura osasuntsua zaintza sistemaren barruan txertatua egon behar du".
  2. "Zaintza ez dela bakarrik pertsonei zuzendua egon behar. Lur barik, hazi barik, ur barik, animali barik ez dago bizitza posiblerik".

"Zaintzaren unibertsoa baserritar ikuspegitik" hiru ardatz hauek oinarri hartuta garatu behar da:

Kolektibizatu. Baserriaren eta hiriaren arteko zubiak eraikiz; landa eremuko herri txikietan zaintzari dagozkien zerbitzu publikoak sortuz; auzolanean bizitzeko baldintzak behar da; eta baserriaren erritmoa kontuan edukiko duen espazioak sortuz.

Profesionalizatzea. Soldata duinak behar ditugu, 1.400 euroko diru sarrerak bermatu; zaintza lanak egiteagatik eta baserrian lana egiteagatik, zaintza lan horiek ordainsari publiko bat jasotzea, sektore estrategiko bat garen heinean; baserritarren lana balorizatu, bukolismotik atera; "elikaduraren gizarte segurantza proposatzen dugu", kolektibo zaurgarrietatik hasiz, gizarte guztiaren elikadura bermatzeko.

Zaintza eredu emantzipatzaileak. Agroekologia da gure bidea, Elikadura Burujabetza helburua; antolakuntza eredu komunitarioa berreskuratu baserrietan beharra dago; elikadura sistema merkatuaren logikatik atera; beharrezkoa da elikaduaren kate globala suntsitzea; nekazal lurren espekulazioa eten eta lur publikoen sarea sortu.

Azoka Garden honen ospakizunarekin, Etxaldeko Emakumeek eta EHNE Bizkaiak salatu nahi izan dute "espekulazioan oinarritutako merkataritza sistemak ez duela ahalbidetzen elikadura osasuntsu baterako eskubidea". Horregatik, beharrezkoa da tokiko elikadura-sistemak eraikitzea eta indartzea.

"Egunero jaten dugun aldetik, norbanako bakoitzak egunero gure aletxoa jartzeko aukera paregabea dugu. Gaurkoan 400 poltsa banatu ditugu, bakoitzean 10 euroren truke esnekiak, ogia eta sasoiko barazkiak doaz, oinarrizko elikaduren osagaiak. Bertoko elikagaiak kontsumitzea baserritarrei zuzenean, azoketan edo herriko dendetan erosiz, zaintza eskubide kolektiboen alde egitea da eta HERRIA egitea da".

Irudiak

Azoka Gardena 2023
Azoka Gardena 2023
Azoka Gardena 2023
Azoka Gardena 2023
Azoka Gardena 2023
Azoka Gardena 2023

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.