Euskal Autonomia Erkidegoko hurrengo hauteskundeetara aurkezten diren alderdiek beren hauteskunde-programetan trantsizio energetikoari buruz egindako proposamenak laburbiltzen ditu Gorka Berasategik artikulu honetan.
Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea izan zen Eusko Legebiltzarrak joan den legealdian onartu zuen azken legeetako bat. «Mugarria», hura adostu zuten EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren esanetan; harekin finkatu baitira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan energia trantsizioa egiteko oinarriak. Zorua ezarrita, legean jasotakoa garatzen hasteko ardura izango dute Eusko Jaurlaritzako hurrengo agintariek. Besteak beste, epe luzeko helburuak betetzeko ibilbide orria ontzea, eta hamar urtera begirako estrategia bat onartzea. Eginbehar horietarako, ikuspegi desberdinak dituzte alderdiek, bereziki, energia berriztagarrien azpiegitura handiei dagokienez.
Trantsizio energetikorako legeak helburu nagusi bat ezarri du datozen hamarkadetarako: karbono neutraltasuna lortzea 2050erako, eta berotegi gasak %33 murriztea hamarkada honen amaierarako —1990eko datuen aldean—. Helburu horiek energia berriztagarrien hedapen azkar eta zabal bat eskatzen dute ezinbestean, eta prozesu horretan izan beharreko lehentasunei buruzkoak dira alderdien arteko desberdintasunak, nagusiki.
«Karbono neutraltasuna lortzea 2050erako, eta berotegi gasak %33 murriztea hamarkada honen amaierarako, energia berriztagarrien hedapen azkar eta zabal bat eskatzen dute ezinbestean, eta prozesu horretan izan beharreko lehentasunei buruzkoak dira alderdien arteko desberdintasunak, nagusiki»
EAJ
EAJk bere hauteskunde programan jaso du berriztagarrien hedapenak «koordinatu» egin behar dituela «industria, teknologia, energia eta ingurumena». Energia berriztagarrien hedapena «aukera» gisa ulertzen du «ehun ekonomikoa eraldatzeko eta deskarbonizatzeko», eta enpresek lehiakortasunari euts diezaien. Nabarmendu du berriztagarrien sektorea «enplegu iturri» dela, eta baliabideak eskaintzen dituela «ongizate estatu aurreratua» mantentzeko.
Alderdi jeltzalea konprometitu da energia berriztagarrien 900 megawatteko instalazioa bultzatzera. Autokontsumoa, energia komunitateak eta bestelako hurbileko ekoizpena «maximizatuz» egin nahi du, «tamaina handiagoko instalazioekin konbinatuta». Aldiz, nekez elektrifika daitezkeen industria jardueretan «energia bektore berriak» erraztuko dituela agindu du; «hala nola hidrogeno berdea eta bioerregaien erabilera».
EH Bildu
Trantsizio energetikoa «lau oinarriren gainean» egin behar dela adierazi du EH Bilduk bere programan: kontsumoa murriztu, baliabide fosilak alboratu, energia berriztagarriak hedatu eta sistema energetikoa «demokratizatu». Berriztagarrien hedapenari dagokionez, orain arteko prozesua «desordenatua» izan dela uste du; besteak beste, Jaurlaritzak ez duelako indarrean jarri Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EBLPS). Hura urtea amaitu aurretik onartzeko konpromisoa hartu du koalizioak, natura edota nekazaritza balio handiko lurrak berriztagarrien hedapenetik salbu utzita.
Horrez gain, baliabide fosilak alboratzeko plan bat proposatu du, besteak beste, Energiaren Euskal Erakundeak bere aktibo fosil guztiak sal ditzan, eta baliabideak berriztagarrietara bideratu ditzan. «Energia ongizatea eskubide subjektibo bihurtzeko lege bat» ere hitzeman du, eta energia «prezio eskuragarrietan» eskainiko duen energia merkaturatzaile publiko bat eratzeko neurria jaso du.
PSE-EE
PSE-EEk lehentasuntzat aurkeztu du «energiarako sarbidearen demokratizazioa». Hori dela eta, autokontsumoa eta energia komunitateak sustatzeko konpromisoa jaso du programan. Dena den, ohartarazi du horiek ez direla nahikoa sistema energetikoa «eraldatzeko». Haren esanetan, beharrezkoak dira parke eoliko eta fotovoltaikoak, baina horiek «era ordenatuan» hedatzearen alde agertu da, «ahalik eta ingurumen inpakturik txikiena» izan dezaten. Horretarako, funtsezko erremintatzat du EAJrekin batera aurreko legealdian proposatu zuen EBLPS hura.
«Hurrengo Jaurlaritzak ibilbide orri bat ondu beharko du Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen helburuak betetzeko»
Elkarrekin Podemos
Elkarrekin Podemosek «energia efizientzia eta kontsumoaren murrizketa» lehenetsiko ditu, eta helburuen artean du energia sistemaren iturriak %100 berriztagarriak izatea 2045 urterako. Komunitate energetikoak bultzatuko ditu, horien «potentzial osoa» garatzeraino. Zentral energetiko handien instalazioak «lehentasunezko zonetan» bizkortzearen alde dago, hala nola «hirietan eta eremu degradatuetan», baina beste eremu batzuetan horiek debekatzearen alde. Energia «sarbide unibertsala» bermatzeko, «energia enpresa publiko bat» sortzea defendatu du.
PP eta Vox
PPk ere energia berriztagarriak sustatuko dituela jaso du bere programan. Hitzeman du energia berriztagarrien azpiegiturak laborantzarekin bateragarri egiteko neurriak bultzatuko dituela, «nekazaritzarako lurrak ez galtzeko helburuarekin».
Voxek garapen jasangarrirako 2030 Agendaren kontrako iritzia agertu du kanpainan, «soroak eta industria suntsitzen» dituela iritzita.
Sumar
Eusko Legebiltzarreko bozetara lehen aldiz aurkeztuko da Sumar, eta autokontsumoa eta komunitate energetikoen sorrera sustatuko dituela hitzeman du. Halaber, «berrindustrializazio berdea» bultzatu nahi du, eta, haren bidez, 30.000 lanpostu sortu.