“Genozidioa stop”: Gernika-Palestinak eta Yala Nafarroak manifestazioak deitu dituzte ekainaren 8rako

“Genozidioa STOP! Europa no seas cómplice” lelopean mobilizazio nazionaletarako deialdia egin dute datorren ekainaren 8rako (larunbata) arratsaldeko 17,30tan Bilbon eta Iruñan GERNIKA- PALESTINA eta YALA NAFARROAk elkarlanean.

Genozidioa STOP - Gernika-Palestinak eta Yala Nafarroak manifestazioak deitu dituzte ekainaren 8rako

[naiz:] [GernikaPalestina.eus]

Manifestazio nazionalak deitu dituzte Gernika-Palestinak eta Yala Nafarroak ekainaren 8rako, Bilbon eta Iruñean, ‘Genozidioa Stop! Europa no seas cómplice’ lelopean. Europako Parlamentuko hauteskundeen bezperan mobilizatuko dira, hain zuzen ere, Europar Batasunari eskatzeko Palestinako genozidioaren aurkako jarrera irmoa agertu dezala.

Agerraldia egin dute Bilbon hainbat eragile eta elkartetako kideek: Gernika-Palestinako Jone Bilbao eta Ibon Meñika; Yala Nafarroako Dyna Kharrat, Eduardo Ibero eta Txemi Perez; Pentsionistak Martxaneko Ana Mezo; Maitane Azurmendi marrazkilaria; Bilgune Feministako Ainhoa Olaso; Lutxo Egia idazle eta kulturgilea; Gerrarik ez!-eko Javier Zulaika; EHUko Andrea de Vicente; Lide Hernando musikaria; LABeko Iratxe Delgado eta Amanda Verrone; Steilaseko Eneko Martin; EHNE Bizkaiako Unzalu Salterain; Mohamed Farajallah palestinarra; eta Ikamako Amaia Arbeo eta Uxue Iturriondok, besteak beste.

Bi mobilizazioak 17.30ean abiatuko dira, Bilbokoa udaletxetik Guggenheimera arte eta Iruñekoa Golem zinemetatik Antoniuttiraino. Manifestazioarekin bat egitera deitu dute, «gatazka honen aurrean posizioa ez hartzea posizioa hartzea baita».

Europako hauteskundeak

Europako Parlamentuko hauteskundeen bezpera aukeratu dute manifestazioak egiteko, Jone Bilbao eta Dyna Kharratek azaldu dutenez, «Europa konplizea izan ez dadin ozen oihukatu nahi dugulako». Horrela, Europar Batasunari eskatuko diote Israel behartu dezala genozidioa gelditzera eta NBEren ebazpenak zorrotz betetzera, bere esku dauden neurri ekonomiko zein komertzialak hartuz.

Bakea eta nazioarteko zuzenbide eraginkorraren beharra azpimarratu dute eta hausnarketarako deia egin diote jendarteari. Izan ere, adierazi dute horrela bakarrik lortu daitekeela su etena, desmilitarizazioa eta negoziazioa bermatzea, baita Palestinaren autodeterminazio eskubidearekiko errespetua zein Israelen inpunitatearekin bukatzea ere.

Komunikatua

1. Egoera onartezina da.

Genozidioaren gogorrena eta inpunitatearen adierazpen gorena ikusten ari gara.

    • Gernika Palestina Herri Ekimenak eta Nafarroako Yala Plataformak mobilizatzeko deia egiten dugu ekainaren 8an, 17:30ean, Bilbon Udaletxetik Guggenheimeraino eta Iruñean, Golem zinemetatik Antoniuttiraino, Europar Batasuneko hauteskunde bezperako egunean. Aukera bat da geure indarrak biderkatzeko.
    • Gure herrian azken hilabete hauetan Palestinaren genozidioaren aurrean erakutsi den bateratasunaren eta elkarlanaren argazkia izatea nahi dugu eta, aldi berean, baita palestinarrei laguntza humanitarioa helarazten jarraitzeko borondatea azaltzea ere.
    • Hemen biltzen garenok, ideologia eta lan esparru ezberdinetakoak gara eta lehenetsi dugu, tartea hartu dugu, gure egunerokoaz gain guztion interpelatzen gaituen gatazka honi erantzutea. Gatazka honen aurrean posizioa ez hartzea posizioa hartzea baita.
    • Beraz, deialdia egin nahi diegu eragile sozialei ekainaren 8ko ekimenekin bat egiteko eta eskertu gaur gurekin daudenei

2. Zergatik ekainaren 8an?

    • Europar Hauteskundeen bezperako eguna aukeratu dugu Europa konplizea izan ez dadin ozen oihukatu nahi dugulako. Euskal Herriko jendarteak herrien arteko konplizitatea hobesten du eta argiki eskatzen dio Europari eta bere agintariei:
    • Israel behartu dezan genozidioa amaitzen eta NBEren ebazpenak zorrotz betetzen. Har ditzala bere esku dauden neurri ekonomiko zein komertzialak Israelek hau egin dezan.
    • Ildo honetan, eta Israel Genozidioarekin bukatzen ez deino, EBri eskatzen diogu Israelekin duen merkataritza hitzarmen elkartea etetea. Gogoratu nahi dugu hitzarmen honen 2. artikuluak giza eskubideak eta printzipio demokratikoak errespetatzearekin konprometitzen ditu sinatzaileak, eta Itunei buruzko Vienako Konbentzioaren 60. artikuluak itunok aldi baterako edo behin betiko haustea ahalbidetzen du, hitzartutakoa betetzen ez bada. Israelgo estatuaren kasuan nabarmena dena.

3. Zein da gure gogoeta?

    • Europar Hauteskundeen bezperako hausnarketa egun honetan bakea eta nazioarteko zuzenbidearen beharra gu guztion hausnarketaren erdian kokatu nahi ditugu.
    • Biak ezinbesteko gakoak dira Palestinan eta mundu osoan.
    • Bakea eta nazioarteko zuzenbide eraginkorra behar dugu:
      • Su etena, desmilitarizazioa eta negoziazioa bermatu daitezen.
      • Ez-injerentzia eta autodeterminazio eskubidearen errespetua bermatu daitezen, Palestinako lurralde eta pertsonei lanabes materialak eta politikoak eman diezazkiegun libre bizitzeko.
      • Israelgo inpunitatearekin bukatzeko. Zentzu horretan begi onez baloratzen dugu Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak egindako eskaera Netanyahu eta Gallant atxilotzeko, fiskalak egindako eskaera behin- behinekoa izan arren. Aipatu behar dugu ere oso esanguratsua dela Estatu Espainiarrak, Norvegiak eta Irlandak hartu duten konpromisoa Palestinako Estatua modu ofizialean aitortzeko.

Azken horiek bat egiten dute mundu mailan Palestinako Estatua aintzatesten duten gainontzeko 140 estatuekin. Netanyahuk ordezkatzen duen inpunitatearen aurrean, estatu gehiagoren aldetik presio politikoa egitea aurrerapauso garrantzitsua izango da nazioarteko gorteko instantziek Israelgo estatuak garatzen duen garbiketa etnikoa juridikoki geldiaraztea lortzeko. Beraz, euskal jendartea eta oro har Europako jendartea Genozidioarekin bukatzeko mobilizatzera deitzeaz gain gogoetatzera deitzen dugu ere.

Inoiz ez gehiago Gernika bat, inoiz ez gehiago Palestina moduko genozidio bat. Inon ez gehiago Gernika bat eta Palestina moduko genozidio bat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.