Palestinarren genozidiorako Israelek erabiltzen duen arma nagusietako bat gosea da. Alde batetik, Gazara elikagaiak sartzeko debekuarekin, eta, bestetik, Palestinako elikadura-burujabetza ezabatuta.
* Goiuri Alberdi eta Aintzira Oñederra Asunek lurraldearen eta elikaduraren trantsizio eko-sozialerako Behatokiko kideak dira.
[Bizi-baratzea]Azaroan Palestinako Nekazaritza Lan Komiteen Batasuna (UAWC siglak) sindikatuko kide batek Euskal Herria bisitatu zuen. Nekazari palestinarren egoera azaldu zuen, nola sindikatuko kide asko erailak izan diren eta nola debekatzen zaien Gazan elikagaiak sartzea, gosea genozidioaren dispositibo nagusitzat hartuta. Hona heltzen zaigun informazioak ez omen du errealitatearen gordintasunaren hamarren bat ere erakusten.
Kolono israeldarrek urteak daramatzate Palestinako nekazaritza hondatzen. Israelgo nekazaritza Palestinako lurraldearen okupazio militarrean sustengatzen da, bereziki Jordan haranean: Israelek palestinarren lurrak eta baliabide naturalak arpilatzen ditu eta Palestinako eskulana ustiatzen du. Palestinako landa-komunitateen biziraupena mehatxatzen duen desjabetze-estrategia zabalago baten parte dira kolonoen indarkeria, lurren lapurreta, zuhaitzen suntsitzea, uztak hondatzea, hazien bereganatzea eta asentamenduak zabaltzea. Palestinarrek beren lurrarekin duten lotura hausteko eta elikadura-burujabetzan atzerapausoak emateko mugimendu kalkulatuak dira.
Urteroko oliba bilketa palestinarren bizimoduaren eta ondarearen oinarri da. Uzta biltzeko garaian kolonoen erasoak areagotzen dira, nekazariak egoera jasanezinean aurkitzen dira: ezin dituzte beren lursailak segurtasunez zaindu edo beren uztak bildu. 2023ko azken bilketan, oliba gehienak jaso gabe geratu ziren Israelgo neurri zapaltzaileen ondorioz. Testuinguru horretan, UAWCko kideak adierazi zuen oliba uztaren garaian atzerriko boluntarioak egotea oso garrantzitsua dela, Israelen erasoetatik babestuago daudelako. Baina, noski, egungo egoerak ez du atzerriko jendearen presentzia errazten.
UAWC irmo mantenduko da nekazari palestinarren defentsan eta elikadura-burujabetzaren defentsan, askatasunaren oinarrizko ardatz gisa, sindikalista palestinarrak azaldu zuenez.
Gaur bi eskaera ditugu. Alde batetik, gabonetako bazkarietan tokiko eta sasoiko produktuak kontsumitzera gonbidatzen zaituztegu, baina etxean datilak jateko ohitura baduzue, adi non eta nola ekoiztu diren. Kolonoek lantzen dituzten datil gehienak esportaziorako dira; %80 Europar Batasunera esportatzen dira, eta Israelek Europara egiten dituen esportazio guztien %15 dira. Beraz, datilei boikota egiteak (besteak beste), oztopatu egiten du palmondoen bideragarritasun ekonomikoa okupatutako lurretan.
Bestetik, Bizilurrek eta UAWCk sustatutako gosetea Gazan geratu kanpaina (#StopGazaStarvation) babestea. Elikagaiak, ura eta bizitzarako funtsezkoa dena bermatzeko kanpaina da, horrela, potentzia okupatzailearen krimenak gogorrak izan arren, lurraldean mantentzeko herriaren erresistentziari lagunduko diogu.
Elikadura-burujabetzaren garrantziaz jabetuta, jarrai dezagun 2025ean ere ortzi muga horri eusten.