Euskal Nekazal borroken inguruko solasaldia izan zen azaroaren 24an Leitzan

Baserritik Mundura Agroekologia eta Elikadura Burujabetza ikastaroak aurten publikoari zabalik dauden mintegiak antolatuko ditu tarteka. Asmoa eztabadaidak Euskal Herriko txoko eta herrietara eramatea da, lehenengoa Eskuenagan egin ostean, bigarren hau Leitzan izan da. Nekazal borrokak hizpide, Euskal Herriko aldarrikapen eta antolakuntzaren inguruko solasaldia egin zen, globala lokalera ekarrita.

 

Euskal nekazal mugimenduaren sorrera eta elikadura burujabetza jo puntu duten erakunde ezberdinen bilgune izan zen, euren arteko loturak eta solasaldiak indartuz. Mugimenduaren bilakaera lokala eta nazioarteko artikulazioak aipatu zituzten. Adibideak ugari dira,  “Leitza kontsumituz” talde lokaletik, La Via Campesina moduko antolakuntza eredu handietara.

Alazne Intxauspek (EHNE Bizkaia eta Etxaldeko kidea) zuzendutako mahaiak hastapenei buruz zein gaur eguneko egoerei buruz hitz egin zuen. Hasieratik hasita, Nafarroako EHNE, ELB eta Etxalde zergatik sortu ziren, non eta ze baldintzetan, zeri erantzuteko sortu ziren azaldu zuten Xatur Larraldek eta Panpi Saint Mariek.

Gerora Miriam Otxotorenak eta Leitzakoa bertakoa den Gotzone Sestorainek mugimenduek gaur egun dituzten ahuldade eta indarguneak aipatu zituzten. Era batera edo bestera, lauron mezu nagusia baserritarren protagonismoa eta subjektu aktiboa izatearen garrantzia aipatzea izan zen. Baserritarrek antolatzeko duten beharra, euren artean eta jendartearengana hurbilduz, zubiak eraikiz.

Eztabaida tokian tokikora ekarriz, Markel Azkargorta Leitzako zinegotziak bertan burutzen ari diren politika publikoak kontatu zituen, aurretik aipatutako ideiak parktikara nola eraman; instituzioek lagundu behar dutela adieraziz.

Amaitzeko gaur eguneko erronkak eta etorkizunari begirako ideiak bota zituzten. Horretan, eta gaur eguneko egoeraren azterketan Guatemalako María Canil Grave, La Via Campesinako koordinazio taldeko kidea lagun izan zuten. Berak mundu mailako arazoak eta erronkak izendatu zituen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.