Euskal Herriko Laborarien Batasuna (ELB) izan da Ipar Euskal Herriko lehen indarra Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Laborantza Ganberarako hauteskundeetan. ELBk 2.245 boto-emaileetatik 1.094 lortu ditu ( %48,7). LAB izan da lehen indarra langileei dagokien kolegioan.

[
kazeta.eus]
Pirinio Atlantikoen Departamenduko Laborantza Ganberarako bozen emaitzak plazaratu dute. Ipar Euskal Herrian ELB sindikatuak bere nagusitasuna berretsi du. Kadira bi lortu ditu Paueko ganberan, nahiz eta sindikatuak eserlekuak ez betetzeko hautua egina duen.
Hiru lurraldetako emaitzak aintzat hartuta, ELB lehen indarra gisa agertzen da, botoen %48,7 lortuta. Sindikatuak baieztaturiko datuen arabera, Iparraldean 2.245 bozka-emale zenbatu dira eta euskal sindikatuak 1.094 boz lortu ditu.
Emaitza hori aldarrikatu ondoren, «ELB sindikatua Iparraldeko indar nagusia segitzen du izaten, alde handiarekin gainera» iradoki du Panpi Saint-Mariek.
Sindikatuak Ipar Euskal Herriko datuak bereizteko galdetu du kanpainan zehar, baina arazo teknikoak aldarrikatuz Prefeturak ez du onartu bere eskaera.
Posizioa mantendu du euskal sindikatuak
2019ko bozek utzi zituzten datuekin alderatuta, bere posizioa mantendu du ELBk, galera tipi batekin. %2 inguru apaldu delako bere emaitza. Oroitzearren, 2019an ELB sindikatuaren zerrendak 1.267 boto jaso zituen, %50ko langara hurbildu zelarik. 2019an bezala 2 eserleku lortu ditu.
Paueko Laborantza Ganbara berritzeko bozak FDSEA sindikatuak irabazi zituen orduan, departamendu mailan, 2.825 boto eskuratuta (%53,98). 2025ean indar bozkatuena izaten jarraitzen badu ere, gibelera egin du nabarmenki. 2.269 boto eskuratu ditu FDSEAk (%45,78), eserleku bat galduz.
Coordination Ruralek 1.062 boto bildu ditu (%21,43). Gorakaka handia ukan du eskuin-muturrak begi onez ikusten duen sindikatuak. 2019an bozen %8,62 eskuratu zuen. Ordezkari bakarra izatetik bi izatera igaro da, neurri batean, laborarien ondoezari atera dion zentralak.
Finean, Biarnoko Confederation Paysannek 531 boz bildu ditu. Badira sei urte bezala, kadira bat lortu du ELBrekin lotura historikoa duen zentrala.
Laborantza alorreko langileen kolegioan, LAB garaile
Paueko Laborantza Ganberarako bozak urtarrilaren 15 eta 31 artean egin zituzten. Bozkatzeko materiala jasotzeko arazoak gertatu zirela salatu zuen prozesua amaitzear zelarik ELBk.
Prefeturak garrantzia kendu zion aferari, 10.000 inguru etxeetara eginiko bidalketen gainean «900 baizik» ez zirela bueltan etorri maigaineratuz.
Ostegun honetan, Jean-Marier Girier prefetak irakurri ditu bozen emaitzak, Pauen. Azaldu duenez, hauteskunde hauetan parte hartzea %55,23koa izan da, duela sei urte baina pundu bat altuagoa (%54,23).
Kolegioak kudeatzen dituzten laborarien bozak biltzen dituen lehen kolegioan horrela banatu dira eserlekuak: FDSEAk 13 kadira erdietsi ditu, beraz gehiengo erosoa atxikiko du; ELBk 2 kadira eskuratu ditu; Coordination Ruralek beste 2 eta, finean, Biarnoko Confederation Paysannek eserleku bakarra lortu du.
3.a kolegioa laborantza alorreko langileen bozen arabera osatzen da. 2019an lorturiko emaitzak aise gailendu ditu LAB sindikatuak. Kolegio horrek dituen hiru ordezkarietatik bi erdietsi ditu sindikatu abertzaleak. Hirugarren kadira CFTC sindikatu giristinoak bereganatu du.
3.b kolegioak laborantza talde profesionalen ordezkapena bermatzen du. CFDTk bi eserleku lortu ditu eta LABk, berriz, hirugarrena eskuratu du.