ELAk eta LABek bat egin dute baserritarren mobilizazioarekin

ELA eta LAB sindikatuek bat egin dute "Eutsi Baserriari" lelopean EHNE Bizkaiak eta ENBAk bihar Bilbon deitu dituzten mobilizazioekin.

Eutsi baserriari kartela

EHNE Bizkaia eta ENBA Bizkaiak mobilizazio honetarako egindako aldarrikapenekin bat egiten du sindikatuak: merkataritza askeko akordioak etetea eta baserritarren diru sarrera duinak bermatzea.

Azken egunetan Europa osoan zehar ematen ari diren protesten harira, nekazaritzako sindikatuek salaketa argia egin dute. Gaur egun pairatzen duten egoera jasanezinaren erantzule nagusietako bat merkataritza libreko akordioak dira eta hauekin bukatu beharra dago, baldin eta hemengo nekazaritzak biziraungo badu eta eredu jasangarri bat izango badugu. Akordio hauek nekazal eredu industriala bultzatzen dute eta konpetentziaren izenean ez dira produktuen prezio duinak bermatzen, eta ondorioz, ezta nekazarien lan baldintza duinak ere. Horregatik, akordio hauen negoziazioak geldiaraztea exijitzen dute. Bestalde, prezioek ekoizpen kosteak bermatzea eta prezioak erregulatzea exijitzen dute, horrela prezio duinak eta lan baldintza duinak bermatu daitezen.

Guzti honengatik ELAk bat egiten du mobilizazio eta aldarrikapen hauekin, eta trantsizio ekosozialaren beharra azpimarratzen du egoera honi irtenbide bat emango bazaio. Elikadura eredua industriala izatetik bertakoa eta agroekologikoa izatera pasa behar da, pertsonen ongizatea eta sektoreko langileen baldintza duinak bermatu daitezen, eta elikadura burujabetza lortzeko bidean aurrera egingo badugu.

LAB

Europar Batasuneko hainbat herrialdeetan lehen sektoreko langileen protestak areagotu dira, politika noliberalen ondorioz etorkizun duina ukatzen zaiela salatzeko. Elikadura eskubidearekin negozioa egiteko Merkataritza Itunek eta eredu industrialak baserritar eta landa eremuko langileeen lan baldintzak prekarizatu ditu etengabe, baita herritarroi bertakoa, osasuntsua eta kalitatezkoa den elikadura eskubidea urratu.

Nekazaritza politika sakonki eraldatu eta merkatuaren erregulazioan oinarrituriko ereduari bide eman behar zaiola uste du LAB sindikatuak, agroekologian sakondu, landa eremuko soldatapeko lan baldintzak hobetu eta elikadura burujabetzari bide emateko norabidean urratsak emateko. Bizi dugun testuinguru ekologiko eta sozialak, eraldaketa sakona galdegiten du beraz, eta LAB sindikatua borroka horretan bidelagun izango da.

Merkataritza askeko akordioak gelditu, baserritarrentzako prezioek ekoizpen kostuak bermatu, nekazaritza politika eraldatu eta sektoreko langile guztien lan baldintzak duintzearen alde, otsailaren 9an ENHE Bizkaiak eta ENBA Bizkaiak deitutako Traktoreen kontzentrazioa eta azoka gardena babestu eta bertan parte hartzera deitzen du LAB sindikatuak, baita aldarrikapen hauekin antolatzen diren bestelako mobilizazioak ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.