EHNE Bizkaiak X-twitter sare soziala utzi du

EHNE Bizkaiak X-twitter sare sozialean duen kontua ezabatu du gaur, mundu osoko ehunka gizarte-erakundek egin duten bezala, gorroto-diskurtsoen eta planteamendu ultraeskuindarren alde duen jarreragatik. Horrela erantzuten dio urtarrilaren 20an X-twitterreko kontuak ezabatzeko nazioarteko deialdiari.

ehne bizkaia abandona X-twitter

Egun hau aukeratu dute Donald Trumpek AEBko Gobernu berriaren buru kargua hartu duen eguna delako. Elon Musk, X-twitterreko jabea eta munduko pertsona aberatsena, Trumpek zuzentzen duen Gobernu berriko kide nagusietako bat da.

EHNE Bizkaiak denbora asko zeraman sare sozial honetan edukiak argitaratu gabe. X-twitterren deriba erreakzionarioak isildu egiten die bizi dugun errealitatea osorik edo zati batean eraldatu nahi duten profilei; gure kasuan, egungo elikadura-sistemaren eraldaketa. Gaur egun, Elon Musken plataformak ultraeskuinaren mezuak eta haren balio ukatzaileak, matxistak, arrazistak eta abar lehenesten ditu, plataforma zingira bihurtuz, eta bertatik ez dugu ibili nahi eta ez dugu ibili behar.

Adierazpen-askatasuna baldintza berdinetan

EHNE Bizkaia beste sare sozial batzuetan dago eta parte hartzen du: Instagram, Bluesky, Mastodon eta Threads, baita YouTubeko gure kontu oparoa ere. Plataforma horiek elikatzen jarraituko dugu adierazpen-askatasunerako oinarrizko eskubidea baldintza berdinetan errespetatzen bada. Hala ere, gure sindikatua prest dago datozen hilabeteetan estrategia digitalari buruz eztabaidatzeko.

Era berean, euskal gizarte zibileko gainerako erakundeak animatzen ditugu sare sozial horretan gure kontuak ixteko erabakia hartu dugun milaka erakunde, talde eta norbanako horien guztien urratsak jarrai ditzaten. Kazetarien Europako Federazioak zuzen adierazi duenez, "X plataforma jada ez da interes publikorako, baizik eta jabearen eta bere aliatu politikoen interes ideologiko eta finantzario partikularretarako".

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.