PRENTSA OHARRA
Bizkaigane, azken berrogei urteetan eraiki da, eta ustiategian bertan ekoitzitako elikagaiak eraldatzera bideratuta dago, abeltzaintza jarduera dibertsifikatu baten bidez (esnetarako eta haragitarako behiak, ardiak, txerriak). Gaur egun, Txapel Koop-ek kudeatzen du, eta hamaika pertsonak egiten dute lan zuzenean. Ekoizpen guztia ekologikoa da, eta egiten ari den belaunaldi erreleboko prozesua eredugarria eta inspiratzailea da jende gaztearen premia handia duen nekazaritza sektorearentzat.
Bizkaiganeko jatorrizko instalazioak utzarazteko eskaerari egin behar diote aurre. Bertan, gaur egun, txerri ekoizpena eta orain dela gutxi martxan jarrita, haragia eraldatzeko instalazioak dituzte, lege eta administrazio eskakizun guztiak betez.
Instalazioaren titulartasuna ez da eztabaidagarria, Bizkaiganeren jarduerak berak erakusten duen bezala. Horregatik, EHNE Bizkaia-k utzarazte eskaera geldiarazteko eskatzen du. Sindikatuak inplikatutako alderdi guztiei eskatzen die irtenbide egoki bat bilatzeko alde guztientzat, Bizkaiganeren ekoizpen jarduera bermatzeko premisarekin.
Bizkaiko nekazaritza sektoreak ezin du arriskuan jarri horrelako proiektu bat, elikagai ekoizpen iraunkor eta hurbileko zirkuituen bidez merkaturatutako baten adierazle sendoa eta argia dena. Proiektu honek tokiko elikadura sistemak garatzeko osagai guztiak biltzen ditu, bai eta nekazaritza jarduerari jarraipena ematea ahalbidetzen duen belaunaldi erreleboa aktibatzea ere. Elikadura burujabetza Bizkaigane bezalako proiektuen garapenaren eta defentsaren mende dago.
Utzarazteko eskaera martxoaren 27an ebazten da Gernikako epaitegian eta EHNE Bizkaia-k ostegun honetarako Gernikako epaitegiaren aurrean goizeko 11:00etan deitutako kontzentrazioan parte hartzera deitu nahi ditu herritarrak.
Abadiño, 2025eko martxoaren 24a.