Bizkaiko sagardogileek sagardo denboraldi berria hasi zuten atzo, Zornotzako Uxarte sagardotegian. Itziar Lazkano aktore eta antzerki zuzendari bilbotarrak eman dio hasiera denboraldi berriari. Sagardo "arina, orekatua eta estruktura handikoa" da aurtengoa. 100.000 litro ekoiztu dituzte, Bizkaiko sagarrak bakarrik erabilita.
Hasi da sagardo denboraldi berria. Bizkaiko sagardogileak Zornotzako Uxarten batu dira iazko uztaren emaitzak utzitako edaria aurkezteko. Kirikoketa saio batekin hasi dute aurkezpen ekitaldia, eta aurtengo sagardoa deskribatzeari ekin diote gero. Jose Antonio Zamalloa, Uxarte sagardotegiko arduraduna izateaz gainera, Bizkaiko sagardogileen elkarteko presidentea ere bada. Bere esanetan, "sagardorik onenetako bat" ondu dute ekoizleek. "Sagardo nahiko arina da aurtengoa, egitura handikoa, orekatua, freskoa", azaldu du. Bizkaiko sagardogileek 100.000 litro ekoiztu dituzte. Lurralde historikoko sagarrak bakarrik erabili dituzte zeregin horretarako.
Hori bai, Zamalloak onartu du estuasunak ere izan dituztela. Udazken partean sagar barietate goiztiarrenak galdu zituzten. "Sagar uztak oso onak zirudien hasiera batean. Sagastiak loraldi betean genituen. Udaberria oso ondo joan zen. Uda, ondo. Baina sagarra batzeko garaian alarma bat isiotu zitzaigun. Sagar barietaterik goiztiarrenak lurrera jausten hasi ziren. Asko. Sagarrari erasaten dion zomorroetako batek ohi baino gehiago eragin du. Horrek esan nahi du uztaren %20-30 galdu genuela", azaldu du. Edozelan ere, uztako gorabeherak kenduta, primerako sagardoa ondu dutela azaldu du Zamalloak, "Urte onenetako bat izan da", gaineratu du.
Bestalde, instituzioei eskatu die sagasti kopuruak handitzeko: "Sagasti berrien beharrizana oso nabarmena da. Hektarea kopurua handitu behar dugu. Gure baserriek horretarako beharrizana dute".
Instituzioen babesa
Aurkezpen ekitaldian Zornotzako alkate Ainhoa Salterainek, Arantza Atutxa Ingurumen eta Nekazaritza foru diputatuak eta nekazaritza eta arrantza sailburuorde Bittor Orozek parte hartu dute. Atutxak aitortza egin dio sagardogileen lanari, eta lankidetzarekin aurrera jarraituko dutela baieztatu du. Orozek Bizkaiko sagardogileen lana goraipatu du, bertako sagarrekin lan egiteko apustua dela eta.
Itziar Lazkano ikur
Itziar Lazkano aktorea arduratu da aurtengo denboraldia zabaltzeaz. Lazkanok "harro eta ohore handiagaz" hartu zuen sagardogileen enbaxadore izateko proposamena. Aktoreak, gainera, sagardoa benetan gustoko duela azaldu du. Gustatzen zait. Freskoa da, arina, zaporetsua, usaintsua, eta ez du alkohol kantitate handirik". Lazkanok bizkaitarrak deitu ditu sagardotegietara joan eta denboraldi berriak emandakoa dastatzera.