Gida honen bitartez elikadurari buruz hitz egin nahi dugu, egunerokoan elikagaien ekoizle izateak ematen digun esperientziatik eta praktikatik. Izan ere, lurra, abereak eta pertsonak zaintzen ditugu, eta, batez ere, oinarrizkoa den elikadura eskubidea eta gure herrien elikadura burujabetza berreskuratzeko borrokatzen gara. Halaber, gidak honako hauek ulertzen hasteko lehen urrats bat izan nahi du: nola ekoizten dira hartzen ditugun elikagaiak; nola berreskuratuko ditugu, kontsumitzaile bezala, elikadura osasungarria eta iraunkorra izateko eskubidea, gozamena eta kontzien- tzia; eta nola lortu guzti hori gure ingurunea eta planeta zainduz.
Hala, elikagaien ekoizpenari eta banaketari buruz erabakitzeko ahalmena berreskuratuko dugu, inposatzen dizkiguten eguneroko kontsumo ohiturak kontuan hartuz.
EHNE-Bizkaian urteak daramatzagu elikadura-eredu osasungarriago eta iraunkorrago baten alde lan egiten. Prezio bidezkoak aldarrikatzen ditugu ekoizleentzat zein kontsumitzaileentzat, eta gertu erostearen alde agertzen gara, hau da, merkatuetan, dendetan eta kontsumo talde eta kooperatibetan. Baserritarrek elikatutako gizarte bat nahi dugu, ez bi edo hiru makro-industrien menpe dagoena. Horretarako, sektorean gazte gehiago sartu behar dira; sektorea gero eta zahartuagoa dagoelako eta ez baitago erreleborik. Beraz, ezinbestekoa da lurra eskuratzeko aukera ematea; eta, batez ere, politika publikoak eta kontsumitzaileen konpromisoa behar dugu bide horretan aurrera egin ahal izateko.
Kontsumitzaileen eta ekoizleen arteko harremana berreskuratzeaz ari gara, eta, horretarako, ulertu behar dugu herriko merkatura edo harategira joatean edo kontsumo-talde batean sartzean sare bat sortzen dela bien artean. Horrek, gure elikadura hobetzeaz gain, baserriko nekazaritza desagertzea ekiditen du eta hiriaren eta baserriaren arteko distantzia hausten du, gure lurraldeekiko eta bizitzarekiko lotura eta sustraitzea mantenduz.