Amets Ladislaori (EHNE Bizkaia) elkarrizketa: «Bertokoak diren elikadura-sistemak behar ditugu»

Nekazarien eta abeltzainen erreferentziazko sindikatua da Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna. 1976tik lanean daraman elkarte honek 3.000 afiliatu baino gehiago ditu, eta lehen sektoreak dituen erronkak ez dira nolanahikoak. Egoera horretaz eta etorkizunari buruz sindikatuak duen ikuspegiaz berba egin dugu Amets Ladislao EHNE Bizkaiako kideagaz.

Amets Ladislao

[Hiruka]

Hasteko, nolakoa da Uribe Kostako lehen sektorearen egoera gaur-gaurkoz?

Esango nuke, oro har, Bizkaian dagoenaren antze- koa dela, baina oso maila txikian: okelarako behitegi gutxi batzuk daude, baina ia ez dago artzaintzarik ezta esne-behirik ere; gehiena ortugintza da. Bizkaian, behiak gehienbat Enkarterrietan daude, hortik kanpo, nahiko antzekoa da dena: artzaintza eta abeltzaintza ematen dira, baina nekazaritza txikia da nagusi. Horretan, eredu bi nagusitzen dira: Eusko Label egiten dutenak eta eredu txikiagoak eta agroekologikoak dituztenak, saskiak eta horrelakoak egiten dituztenak, hain zuzen.

Nolakoa izan da azken urteotako eboluzioa?

Orokorrean, joera beherakoa izan da. Tendentzia hau Europa osoan ematen ari da, ez da hemengo gauza bakarrik; gero eta jende gutxiago dedikatzen da gure sektorera. Batetik, baldintza ekonomikoak oso prekarioak dira, eta, bestetik, gizarteak gero eta garrantzi gehiago ematen die aisialdia bermatzen duten bestelako lanbideei; horrenbestez, zailtasun handiak daude gazteak sektorera erakartzeko. Hala ere, guk esaten dugu behar-beharrezkoa den sektore bat dela, gure elikagaiak ekoizten dituelako; bestela, mendekotasuna izango dugu beste batzuekiko. Bi- zitzeko behar dugun gauza batez ari gara, hau ez da edozein sektore. Gauzak horrela, beste politika publiko batzuk bultzatu beharko lira- tekeela uste dugu.

Sektorearen arazoetako bat da lantzeko lurretara sarbidea. Nolakoa da eskualdeko egoera ildo horretan?

Bilbo Handia deritzon horren parte izateaz gain, kostaldean dagoenez, libre dagoen lur apurra nekazaritzarako garestiegia da, eta lurrik hoberenak hartuta daude. Gaur egun, Uribe Kostan nekazaritza-proiektu bat abiatzea aldez aurretik lursaila jabetzan izan gabe ezinezkoa dela esango nuke. Beraz, arazo nagusia da lur gutxi dagoela eskuragarri eta dagoena oso garestia dela, baina hori politika publikoen ondorioa ere bada, horiek lurraren jabetza babesten dutelako, ez jarduera: zenbat eta lursail gehiago eduki, orduan eta laguntza gehiago jasoko ditu jarduera batek. Beraz, borondate politikoa falta da, eta Getxoko HAPO berrian ere hori ikusi dugu: 90eko hamarkadan bezala, lehen nekazaritzarako ziren lursail guztiak etxebizitzak eraikitzeko erabiltzen jarraitu gura dute. Guretzat lurra babestea nahitaezkoa da; gure ustez, nekazaritzarako lurrak ezingo lirateke erabileraz aldatu. Uribe Kostan zenbat lursail pasatu izan dira nekazaritzatik etxebizitza izatera? Horren eraginez, eskualdean baserritar kultura hori desagertzen joan da eta herritarrak bizimodu horretatik oso urrun bizi dira gaur egun.

Gauzak horrela, Zein da EHNEk dituen lan-lerro nagusiak?

Hasieratik, jardueran hasi nahi dutenei akonpainamendua eta formakuntzak ematen diegu, bai teknikoak zein politikoak ere. Guk beti jorratu dugun eredua lurrari lotutakoa izan da, hau da, agroekologiaren eredua izan da bultzatu duguna. Ikusten ari gara Bizkaian gailentzen den eredu intentsiboak jendea ekonomikoki itotzen duela, ez direla hobeto bizi eta ez dituztela errenta handiagoak lortzen. Eztabaida hori estrategikoa da guretzat.

Adibidez, esplotazio hidroponiko asko dago Uribe kostan, eta horretan hasteko inbertsio handia behar da, baina guk defendatzen duguna da eredu ekologikoko ortu txiki dibertsifikatuak. Eredu hori jasangarriagoa da, eta posible da hortik errentak ateratzea. Hemendik 40 urtera izan nahi dugun ereduan pentsatu behar dugu: zer nahi dugu, eredu intentsibo bat, lurra pozoituko duena eta intsumoen mende dagoena, ala nahiago dugu komunitateari lotutako proiektu jasangarri txikiak edukitzea? Guretzat bi eredu kontrajarri daude hor, eta bien arteko bat aukeratu behar dugu. Guk nekazari eta abeltzain guztiak defendatzen ditugu, noski, guztien alde egiten baitugu, baina, instalazio berriak edo politika publikoak diseinatzeko orduan, eredu txiki horien alde egiten dugu; dena den, uste dugu biak ez direla bateragarriak.

Nolakoa da erakunde publikoakaz egiten duzuen elkarrizketa-lana?

Nekazal sindikatu nagusia gara eta elkarrizketarako bide ofizialak ditugu instituzioekin, batez ere, aldundiekin, beraiek direlako gure jarduera gehien arautzen dutenak. Hor erritmoak oso astiro doaz, pazientzia handia behar da, baina bagoaz gure lana egiten, lorpen txikiak eskuratzen. Azkenean, gureak etorkizuna markatzen duela uste dugu, eta sektorea nolabaiteko desesperantza batean egon arren, guk pentsatzen dugu badagoela aukera bat eredua aldatzen baldin badugu. Horretarako, kontsumo eredua, merkaturatzea, politikak... aldatu egin behar dira, eta nik uste dut aldundiak, behintzat, konturatu direla gure proposamenek etorkizunera begiratzen diotela.

Eztabaida honen erdigunean dagoena da gure elikadura, pentsatzen duzu ez zaiola behar bezalako garrantzia ematen?

Zalantza barik. Europan oso konbentzituta gaude janaria bai ala bai edukiko dugula; uste dugu munduaren bizkarrezurra garela, baina COVID-19ak erakutsi zigun gauzak ez direla horrela eta oso zaurgarriak garela. Gure elikagaiak hemen ekoizten ez ditugunez, hegoaldeko herrialdeen menpe gaude. Elikadura burujabetzaz ari gara, baina ikuspegi asko egon daitezke hor: guk ingurumenari eta gizarteari lotutako ikuspuntu batetik abiatu nahi dugu, eta uste dugu herrialde bakoitzak bere elikadura-politikak erabakitzeko eskubidea eduki beharko lukeela. Aitzitik, gaur egun, Munduko Merkataritza Erakundea da erabakitzen duena zer, non eta nola ekoizten den; hau da, elikadura-sistema erabat globalizatuta dago. Horrenbestez, gu elikadura burujabetzaren aldekoak gara, baina ikuspegi internazionalista ere badaukagu. Guk aldarrikatzen dugu bertokoak diren elikadura-sistemak behar ditugula, hemengo ekoizpenari eta kontsumoari begiratuko diotenak.

Adibidez, Nafarroako hegoaldean ekoizten den % 90a esportaziorako da, baina gero guk inportatu egiten dugu; jaten dugun ia gari edo arto guztia Brasil, Argentina, Afrika edo AEBetan ekoizten da. Merkatuaren menpe dagoen sistema batean bizi gara, eta horri esker sinatzen diren akordioen bidez multinazionalek atera ditzaketen etekinak garrantzitsuagoak dira jendea elikatzea eta lurra zaintzea baino. Hori errotik aldatu behar da, eta gure beste aldarrikapenetako bat da elikagaien merkatuen erregulazio publikoa egon behar dela. Lehen, Europan hori bazegoen, kuota-sistema baten bidez egiten zen, baina hori desagertu da, eta uste dugu horretara bueltatu beharko ginatekeela. Elikadura merkatuen esku uzten badugu, konturatu behar gara mundu erdia zapalatzen ari garela eta etorkizunean horri buelta eman ahal zaiola.

Gurera bueltatuz, lehen sektoreak duen beste arazo nagusietako bat da belaunaldi errelebo faltarena, zer ari zarete egiten arlo horretan?

Bai, gure sektorearen adinaren batezbestekokoa 51 urte ingurukoa da, beraz, 15 urteren buruan, ditugun nekazari eta abeltzain gehienak galduko ditugu. Hori dela eta, lan asko egiten dugu formakuntzan, eta guretzat garrantzitsua da baita erreferente positiboak erakustea eta baserritarren arteko topaketak sustatzea ere, uste dugulako ideiak partekatzea garrantzitsua dela. Jendea badago gauzak beste modu batera egiteko prest: bada jendea eredu mistoan ari dena, lan egin eta ortua duena saski batzuk saltzeko, edo familia-esplotazio eredua alboratu eta komunitate bezala antolatzen dena. Erreferente positiboak ere behar ditugu, dena ez da txarra izango, gure lana ere badelako ilusioa piztea. Europatik esan digute gure Baserritik Mahaira estrategiaren eredua baliagarria dela, beraz, borrokan mantentzeko mila arrazoi ditugu.

Zein da zuek salmentarekiko sustatzen duzuen eredua?

Guk salmenta zuzena bultzatzen dugu; horretarako, hainbat eredu daude, eta guk azokak eta baserritarren sareak babesten ditugu. Dena den, ez gara zuzenean inplikatzen, hori jarduera pribatu bat baita. Bai saiatzen garela erreferenteak sortzen, eta esango nuke Bizkaiko ia baserritar txiki guztiak noizbait EHNEko bulegotik pasatu direla, beraz, gure lana erreferentziazko sindikatua izatea da, ez jarduera ekonomikoetan eta pribatuetan sartzea. Neolitikotik daramagu nekazaritza praktikatzen, ez dugu ezer berria asmatuko. Kontua da ea gauzak zein helbururekin bultzatzen ditugun: etikarekin eta zentzuarekin edo dirua irabaztearren. Ildo horretan, mugimendu feminista ere erreferente handi bat da guretzat. Esaten dutenean erdigunetik dirua atera behar dugula bizitzak jartzeko, guk filosofia berdinarekin dihardugu lehen sektorean.

Laburbiltzeko, zuk sektorearekiko ikuspegi optimista duzula esan genezake?

Bai, ni optimista amorratu bat naiz, kar-kar. Kontziente naiz non gauden, eta, oinak lurrean izanda, kolektiboan amesten dugun pertsonak garela esango nuke. Sistema honek apatiko, beldurtuta eta bakarrik nahi gaitu, baina guk horri aurre egin behar diogu, eta ez bakarrik gure sektoretik. Baditugu borrokatzeko eta gauzak aldatzeko hainbat arrazoi, baina horretan jarraitu behar dugu. Gure gaurko bizimodutik abiatuta, arbasoek ondo egiten zutenera bueltatzea da kontua. Guk beti esaten dugu elikadura burujabetzarena proposamen politikoa dela, horrek sistema eraldatzeaz hitz egiten duelako, eta pentsatzen dugu denok biziko garela hobeto hori iraultzea lortzen badugu. Gainera, hori modu holistiko batean ere ulertzen dugu, gauzak aldatuz gero, gu, abereak eta lurra ere hobeto egongo direlako.

«Gaur egun, Uribe Kostan nekazaritza- proiektu bat abiatzea aldez aurretik lursaila izan gabe ezinezkoa dela esango nuke»
«Getxoko HAPO berrian ere ikusi dugu: 90eko hamarkadan bezala, lehen nekazaritzarako ziren lursail guztiak etxebizitzak eraikitzeko erabiltzen jarraitu gura dute»
«Hemendik 40 urtera izan nahi dugun ereduan pentsatu behar dugu: zer nahi dugu, eredu intentsibo bat, lurra pozoituko duena eta intsumoen mende dagoena, ala nahiago dugu komunitateari lotutako proiektu jasangarri txikiak edukitzea?»
«Neolitikotik daramagu nekazaritza praktikatzen, ez dugu ezer berria asmatuko, kontua da ea non kokatzen garen politikoki eta gauzak nola egiten ditugun»
«Elikadura merkatuen esku uzten badugu, konturatu behar gara mundu erdia zapalatzen ari garela eta etorkizunean horri buelta eman ahal zaiola»

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.