Amets Ladislaok elikadura burujabetzan oinarritutako eredua proposatu du Busturialdeari buruzko IPESek eztabaidan

Amets Ladislao Bizkaiko EHNEko ordezkariak "agroekologiaren bidezko elikadura burujabetzan" oinarritutako nekazaritzako elikagaien eredua proposatu zuen atzo, IPESek Astran (Gernika) antolatutako eztabaidan, “Busturialdean naturarekin orekan bizi gara / bizi gaitezke?” lelopean.

Amets Ladislao EHNE Bizkaia IPES Astra Busturialdea

IPESek mahai-inguru hau antolatu zuen Busturialdeko eskualdeko eztabaidaren testuinguruan. Ekitaldi horren bidez, "jada dauden eremu, egitasmo, ekinbide ezberdinak prestigiatu, erdiguneratu, eta haietatik sortzen den eredu alternatiboari azpimarra eman nahiko genioke".

Eztabaidan parte hartu zuten Amets Ladislao EHNE Bizkaia eta Etxaldeko kideak, Gorka Barba BaSOS-eko kidea, eta Ritxi Hernandez Habaitua Gune Ekosozialistako kideak izango dira partaideak. Leiore Moreno gazte mugimenduko kidea izan zen aurkezlea.

Bere hitzaldian, Ladislaok hainbat datu interesgarri eman zituen Errigoitin elikagaiak ekoizteko lurrei buruz. Hala, nabarmendu zuen elikadura-ohiturak aldatzen ari direla, herritarren lehentasunak elikagai freskoan oinarritzen baitira, eta, beraz, bertan produzitu daitezkeen elikagaien proportzioa handia da egungo kontsumo-joeretan. Horrek aukera bikaina ematen du datozen urteetarako aurreikusten den biztanleria-jaitsierari aurre egiteko. Lehen sektorearen aldeko apustuak nekazari gazteak erakar ditzake eta enplegu berriak sor ditzake, horrela migrazio-saldo negatiboa irauliz.

Gainera, elikadurak Errigoitin eragiten duen mugimendu ekonomikoari erreparatuz gero bere inguru hurbila baino egoera hobean aurkitzen dela esan daiteke (BPGren %12,6a, enpleguaren %3a, eta ehun ekonomikoaren %11,1a). Hala ere, azken urtetan lehen sektoreak nahiko egoera ez egonkorra bizitu izan du, kasu gehienetan joera negatiboa izanik (enplegua, ehun ekonomikoa...). Hori eraldatzeko Errigoitik dituen aukerak zabalak dira. Esaterako, baratzegintzarako egokiak diren lurren %98a ez da helburu horretarako baliatzen eta frutagintzarako egokia den eremuaren %90a ere ez. Larreen kasuan erdia baino zerbait gehiago ez dira baliatzen.

Helburu hori erabat bideragarria da, Errigoitik duen landa-lur ondarea aintzat hartuz gero (1.616 hektarea “urbanizaezin” izendatuta daude, udalerriaren %97a). Hala ere, eremu zabalena zuraren ekoizpenera bideratu izanak eta lur emankorrenak bizitokiengatik okupatu izanak, elikagaien ekoizpenerako gaitasuna murriztu du, etorkizun hurbileko arriskua erakutsiz.

Baratzegintzarako lurren egokitasuna esanguratsua da (98,2 ha. egoki edo oso egokiak, nahiz eta 1,96ha. bakarrik enplegatu egun). Topografia malkartsua izanagatik ere, jarduera honen aktibaziorako egokitasuna gaur egungo baino nabarmen handiagoa da. Bestalde, Errigoitiko bizitokiak nahiko barreiaturik egon arren, adierazgarria da nola barazkien ekoizpenerako lur egokienak eremu hauetatik hurbil kokatzen diren. Horrek, “0Km” paradigma inplementatzeko aukera ematen du.

Elikadura burujabetza

Datu horietatik eta beste askotatik abiatuta, Ladislaok "posible eta beharrezko"tzat jo zuen "elikagaiak ekoizteko ereduan trantsizio ekosoziala" egitea, "agroekologiaren bidez elikadura-burujabetza lortzeko". Elikadura burujabetza da herriek elikagai osasungarriak eta kulturalki egokiak izateko duten eskubidea, ekologikoki errespetagarriak eta iraunkorrak diren metodoen bidez ekoitziak, eta beren elikagai- eta nekazaritza-sistemak definitzeko duten eskubidea.

Helburu hori lortzeko, "beharrezkoa da trantsizio hori adostasun handi batetik abiatuta martxan jarriko duen prozesu bat", eta prozesu hori, gainera, "ordenatua" izan behar da. Gaur egun, "hemen ekoizten dena eta hemen kontsumitzen dena" da gakoa. Bien bitartean, "ereduaren inguruan erreferente positiboak sortu behar ditugu, prestakuntza ere landuz".

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.