Amets Ladislao: “Faxismoaren aurrean, ausardia eta aliantza feministak!

Horrela zioen aurtengo martxoak 8ko lemak, eta guk Etxaldetik ere gure egin nahi genuen lema hau.

Amets Ladislao - FAXISMOAREN AURREAN, AUSARDIA ETA ALIANTZA FEMINISTAK!

Azken urteotan ikusten ari gara orden berri bat dagoela munduan; 4 gizon zuri faxistek munduaren kontrola hartu dute eta beraien ideario guztia inposatzen ari dira, munduko ekonomietan eta pertsonen bizitzan agintzen ari direlarik.

Ikusten dugu nola inposatu nahi diguten armamentuan gastua handitzea, gerrak eta genozidioak finantzatzeko, Palestinaren kasuan bezala. Europatik zuzenean ari gara genozidioa ikusten, eta gure gobernuek ez dute ezer egiteko borondate politikorik; bitartean, palestinarrak lurrik gabe geratzen ari dira, ezta elikagaiak ekoizteko edo abereak zaintzeko ere.

Pertsona migratuekiko eta arrazializatuekiko gorrotoa nagusi da beraien diskurtsoetan, eta zer esanik ez aniztasuna suposatzen duen edozein identitaterekin. Beraientzat zilegia den bakarra familia tradizionala da, zuria eta heterosexuala.

Gerra komertzial izugarria sortu dute, blokeoekin, arantzelekin eta merkataritza libreko itunekin. Horrek guztiak burujabetza galtzea dakar, eta batez ere klase baxuenetan eragiten du, elikadura osasuntsu eta lokalerako sarbidea zailduz.

«Gerra komertzial izugarria sortu dute, blokeoekin, arantzelekin eta merkataritza libreko itunekin. Horrek guztiak burujabetza galtzea dakar, eta batez ere klase baxuenetan eragiten du, elikadura osasuntsu eta lokalerako sarbidea zailduz»

Elikadura burujabetza babesten dutela diote, baina haien ikuspegia guztiz inperialista da: nik nirea bakarrik babesten dut, baina esportatzen jardun nahi dut, eta ez zait axola beste lurraldeetako ekonomiak suntsitzea.

Elikagaiak ekoizteko eredu agroindustrialaren sustatzaile nagusiak dira; eredu honetan petroleoa, ongarri kimikoak, biozida eta pestizi- dak nagusi direlako, horrela beraien negozioak mantentzen dituztelarik.

Egoera honi aurre egiteko, ausardia eta aliantza feministak behar ditugula diosku mugimedu feministak eta guk bat egiten dugu hausnarketa honekin.

Guk lurra defendatzen jarraituko dugu, gure elikadura sistemak zainduz eta elikadura sistemak birlokalizatuz. Berton ekoiztu eta berton kontsumitu da gure leloetariko bat, eta hori lortzeko aliantzak nahitaezkoak dira. Adostasun handiak behar ditugu honetarako, eta baita prozesu gisa ulertzea aldarrikapen hau.

«Guk lurra defendatzen jarraituko dugu, gure elikadura sistemak zainduz eta elikadura sistemak birlokalizatuz. Berton ekoiztu eta berton kontsumitu da gure leloetariko bat, eta hori lortzeko aliantzak nahitaezkoak dira. Adostasun handiak behar ditugu honetarako, eta baita prozesu gisa ulertzea aldarrikapen hau»

Bertoko elikadura ardatz duen politika publikoak behar ditugu, eta horretarako kontsumotik eragin beharko diegu gure gobernu desberdinei. Kontsumoa tresna eraldatzailea izan daitekeelako norabide berdinean antolatzen baldin bagara.

Mugimendu feministak borroka egiten du mundu hobeago baten alde, mundu justuago baten alde, diskriminaziorik eman ez dadin inon ez inorengan. Gure borrokak ere berdina bilatzen du, guk lurretik eragiten diogun arren, ez gaude gure lan eskubideen hobekuntza bilatzen soilik; denontzat hobeagoa den mundu bat bilatzen dugu, animaliak eta lurrarekin harremantzeko beste modu bat eta pertsona guztiak osasuntsu jatea da gure helburua.

«Mugimendu feministak borroka egiten du mundu hobeago baten alde, mundu justuago baten alde (...). Gure borrokak ere berdina bilatzen du, guk lurretik eragiten diogun arren; denontzat hobeagoa den mundu bat bilatzen dugu, animaliak eta lurrarekin harremantzeko beste modu bat eta pertsona guztiak osasuntsu jatea da gure helburua»

Horregatik guztiagatik bidelagunak gara eta bidelagun izaten jarraituko dugu, faxismoaren oldarraldi honetan, elkarrekin batzea eta eraikitzea ezinbestekoa delako. Bidean sakonduz, asko elkartuz, gure artean entzunez eta ikasiz, mundu hobeago baten alde. Gora borroka baserritarra eta gora borroka feminista!

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.