European Coordination Vía Campesina (ECVC) Europako Batzordeak eta Mercosurreko liderrek Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko merkataritza askeko itunaren negoziazioak amaitzeko hartutako erabakia gaitzetsi du ohar baten bidez. Izan ere, "landa-eremuko nekazarien eta langileen erakunde guztiak horren aurka daude, gizartean duten eraginagatik eta horrek dakarren elikadura-sistema iraunkorren beharra ukatzeagatik".
[ECVC]Komunikabideei bidalitako testuan, erakundeak ziurtatu du ituna sinatzea "erabat kontraesanean" dagoela "bloke horietako gobernu nazional guztiek klima-aldaketaren aurkako borrokan hartutako konpromisoekin".
Morgan Ody La Vía Campesinako (LVC) koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, "Europako nekazariak garen aldetik, ez dugu Mercosurreko nekazariekin lehiatu nahi; gure lana ez da munduko lehiaketa batean egotea, baizik eta europarrentzat elikagai osasuntsuak ekoiztea".
Bestalde, Andoni Garcia Arriola LVCko eta Bizkaiko EHNEko kideak honako hau adierazi du: "Orain arretaz begiratuko dugu urte honen hasieran nekazarien mobilizazio historikoan nekazariengandik gertu zeudela adierazi zuten gobernuek eta talde politikoek benetan zer egingo duten".
"Itunaren aurka agertu behar dute, eta akordio komertzialak negoziatzeko modu antidemokratiko honen aurka", esan du.
ECVCren ustez, "elikadura-subiranotasuna lortzea eta nekazarien eskubideak errespetatzea izan behar da nazioarteko elikadura-trukeen koadro bakarra, merkataritza-sistema bidezkoa izan dadin eta justiziari eta bakeari lagun diezaion".
Azkenik, La Vía Campesina Europak aurreratu du nekazariek merkataritza askeko itun horren aurka mobilizatzen jarraituko dutela, "eta, era batera edo bestera, amaiera emango diote".