Gorka Menendez: “Euskal baserria, esplotazio sistema?”

Sanmartinak gure baserrietan oso ezagunak dira, txerria hiltzeko garaia baita. Jende askok, ordea, ez du jakingo antzina San Martin egunak nekazaritza urtearen amaiera ezartzen zuela. Eta hori ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Izan ere, urte amaierarekin etxeko ugazabari urteko errenta ordaindu behar zitzaion. Orduko baserritar langileak nekez heltzen ziren urte amaiera horretara, eta ordainketa beti atzeratzen zen. Azken epea San Tomas egunean amaitzen zen eta orduan jaisten ziren hiriburuetara burges-ugazabei errenta ordaintzera. Horra hor, egungo santomasetako azoka eta festen jatorria.

Baserritarra lan antzinako

Hortaz, gaur egun festa giroan ospatzen dugun eguna euskal baserriak zuen esplotaziozko logikaren isla zuzena da. Baina zenbateraino funtzionatzen zuen euskal baserriak esplotazio sistema bezala? Bada, XIX. mendean, Bizkaian lantzen ziren lur guztien artean soilik %36 jabeek zuzenean lantzen zituzten: gainontzeko lur guztia errentan zeuden baserritarrek lantzen zuten. Eta azken horiek urteko ekoizpen guztiaren erdia eta herenaren artean bideratu behar zuten errenta ordaintzera –espezietan ordaintzen zen–.

Dirudienez, baserriaren jatorrian, XV. mende inguruan, ohikoagoa zen baserritarrak etxeen eta ustiategien jabe izatea. Baina kapitalismoaren garapenarekin batera, hirietan haziz zihoan burgesia berria hasi zen landa eremua inbertsiorako aktibo seguru eta errentagarri bezala ikusten. Baserriak erosi eta errentan jartzea ohikoa bilakatu zen dirudunen artean.

«Garaiko burges eta jauntxoen interesek baserritar langileen esplotaziorako sistema bilakatu zuten euskal baserria, XIX. mende amaierarako»

Gurean asko hitz egin da euskal nekazariaren askatasunaz eta hemen bereizgarria izan den minifundioari buruz. Baserriak zenbait fase bizi izan dituen arren, badirudi XIX. mende amaierarako errealitate minoritarioa zela gure nekazaritza eremuetan. Garaiko burges eta jauntxoen interesek baserritar langileen esplotaziorako sistema bilakatu zuten euskal baserria. Zentzu horretan, badago gurean latifundio hedatu edo sakabanatua existitzen zela defendatzen duenik.

Adibide gisa, 1933. urtean Espainiako Bigarren Errepublikan egindako azterketa baten datuak ditugu: Bizkaia eta Gipuzkoan 100 hektarea baino gehiago zituzten 376 jabe aurkitu zituzten, eta horietako bostek 1.000 hektareatik gora zituzten. Jabetza handi horiek sakabanatuta zeuden, hainbat herritako baserri eta lurretan. Atera kontuak! Euskal herri langilearen historia ez da fabriketako mailu hotsekin hasten, baserrietako aitzur kolpeekin (eta matxinadekin) baizik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.