Nekazaritza-merkatuen liberalizazioak ekoizpena kontrolatzeko sistemak desagertzea ekarri zuen, "zenbat eta ekoizpen gehiago, errentagarritasun handiagoa" teorian oinarrituta. Errealitatea oso burugogorra da, eta ekoizpen enblematikoetan (esnetarako behiak eta mahastizaintza eta ardogintza) azken kontrol-sistemak indargabetu eta ia hamarkada batera, esan dezakegu "zenbat eta ekoizpen handiagoa, orduan eta miseria handiagoa".
Europar Batasun osoan nekazaritza-ustiategiak galtzearen arrazoi nagusia ekoizleak jasotako nekazaritza-prezioak nahikoak ez izatea da. 2005-2020 urteen artean Europako ustiategien % 37 galdu ziren, eta joera horretan ustiategi txikiak dira ugarienak. Ekoizpen-kontrol faltaren ondoriozko gehiegizko ekoizpenak, alderdi ekoizlearentzako nekazaritza-prezioetan eragin zuzena izateaz gain, ekoizpen-soberakinak sortzen ditu, eta horrek eragin handiagoa du nekazaritza-ekoizpen txiki eta ertainetan.
«Ekoizpen-kontrol faltaren ondoriozko gehiegizko ekoizpenak, alderdi ekoizlearentzako nekazaritza-prezioetan eragin zuzena izateaz gain, ekoizpen-soberakinak sortzen ditu, eta horrek eragin handiagoa du nekazaritza-ekoizpen txiki eta ertainetan»
Adibide argigarri bat ardoaren sektorean aurki dezakegu, Errioxa deitura osoan. Bertan, soberakin gisa, hiru kanpainen ekoizpena metatuta daramate, ardoa destilatzeko programak kontuan hartu gabe. Merkataritza-praktika desleialak, izendapenean bertan iruzurrak eta upeltegi handiei abantaila-esparru komertziala ematen dien haztegia da.
Arazoaren errora jo nahi badugu, ezinbestekoa da EBk merkatuak arautzeko mekanismo berriak aktibatzea, eta horien zati batek ekoizpenaren kontrola izan behar du. Eta azken gai horretan aplika eta esperimentatu ditzakegu mekanismoak tokian-tokian. Gure ekoizpenaren atalasea gure barne-merkatuaren (gure kasuan, Euskal Herriaren) kontsumo-bolumenak markatu behar du, geure burua engainatu gabe eta kontsumo bolumen hori aurreikusitako joerak txertatzen dituzten datu eguneratuetan neurtuz.
«Ezinbestekoa da EBk merkatuak arautzeko mekanismo berriak aktibatzea, eta horien zati bat ekoizpenaren kontrola izan behar da»
Testuinguru horretan, Jatorri Deiturak bezalako tresnek funtsezko zeregina izan behar dute, ekoizteko moduagatik lurralde bati lotutako ekoizpen bereziak bereizteko tresna izatearen funtsa berreskuratuz, eta merkatu globalizatu batean bereizteko mekanismo gisa jardunez.
Eta esentzia berreskuratzeaz ari garenean, ekoizteko moduan zentratu behar dugu begirada, ekoizpen- eta elikadura-eredua azpimarratuz, animalien barietateetatik edo arrazetatik harago; eta barne-merkatuan zentratu behar dugu, sukar esportatzaileak alde batera utzita. Ez da koherentea jatorri-deituren eta kalitate-marken erregelamenduetan transgenikoak (GEOak) animalien elikaduran baimentzen jarraitzea, eta gure tresna bereizleek merkatu globalizatuetan kotizatzen jarraitu nahi izatea.
«Ekoizpenean zentratu behar dugu begirada, ekoizpen- eta elikadura-eredua azpimarratuz, animalien hazkuntza-barietateetatik edo arrazetatik harago; eta barne-merkatuan jarri behar dugu arreta, sukar esportatzaileak alde batera utzita.»
Esentzia berreskuratzeaz gain, begirada zabaldu behar da artikulazio-sistema inklusiboagoak definitzeko, hierarkizazioetatik ihes eginez eta azken helburua ekoizteko modua identifikatzea (ez soilik eraldatzea) eta produktuaren eta lurraldearen berezitasuna nabarmentzea, geografiaren aldetik ahalik eta eskala zehatzenean.
Arabako Mahastiak elkarteak proposatutako jatorri-deitura berri bat sortzearen eta Arabako Errioxako Upategien Elkarteak (ABRA) A marka berria aurkeztearen aurkako epaia elikadura-sistema berrien eraikuntzaren eztabaida-prozesuaren parte dira, eta sistema horietan, tokikoak izan behar du ekoizpenetik azken kontsumora arteko prozesua artikulatzeko giltzarria. Eta horrela bakarrik lortu ahal izango dira Euskal Herrian jorratu behar dugun Europako Itun Berdearen edo trantsizio ekosozialaren helburuak.
«Arabako Mahastiak elkarteak proposatutako jatorri-deitura berri bat sortzearen eta Arabako Errioxako Upategien Elkarteak (ABRA) A marka berria aurkeztearen aurkako epaia elikadura-sistema berrien eraikuntzaren eztabaida-prozesuaren parte dira»