EHNE Bizkaiak positibotzat jo du Bizkaiko Foru Aldundia, ENBA eta LORRA kooperatibarekin batera egindako lana. Horren ondorioz, ekintza-plan berri bat sortu da, "Suspertze Plana", "lehen sektorearen jarduera bultzatzeko". Plana aurtengo urtarriletik maiatzera bitartean adostu da, eta "110 eragilek baino gehiagok" parte hartu dute. Plan horrek hainbat neurri jasotzen ditu, hala nola inbertsioetarako zuzkidura handitzea, abeltzaintza-sektorerako uraren fakturan %50eko hobaria ematea edo nekazaritza-ustiategietan "erreleboa erraztuko duen" ustiategi-banku bat sortzea.
"Suspertze Plana" k bost lan-ildo eta 14 neurri espezifiko biltzen ditu. Nabarmentzekoak dira "sektorea modernizatzeko eta digitalizatzeko" 1.025.000 euroko igoera eta "abeltzaintza estentsiboa bultzatzeko" edo belaunaldi-erreleborako estrategia berria, 360.000 euroko zuzkidurarekin. Era berean, hobariak aplikatuko dira abeltzaintzarako fakturan %50 aurreztea dakarten ur-tarifetan, eta ‘forfait’ fiskala %70era arte finkatuko da.
EHNE Bizkaiak positibotzat jo ditu neurrietako batzuk eta beste eragileekin batera egindako lana. Amets Ladislao sindikatuko kideak "positibotzat" jo du aurrekontuaren igoera eta urteko edozein hilabetetan laguntza eskatzeko aukera.
Era berean, sektorean sartzen direnen inguruan hitz egin du, eta jakinarazi du Foru Aldundiak bitartekari lanak egingo dituela erretiroa hartu nahi dutenen eta instalatu nahi dutenen artean; "horrela, erradiografia zehatz bat egongo da, lagungarri izango zaiguna". Hala ere, "erronka nagusia hori izanik, beste edozein bide aztertu beharko litzateke", zehaztu du.
Ladislao pozik agertu da amatasun baimena 22 egunetik 16 astera luzatu delako eta ordezkapena 2 astetik 6 hilabetera igo delako. "Eta positiboki baloratzen dugu lurrari loturiko nekazaritzaz, autonomiaz eta abarrez hitz egiten hasi izana, hau da, EHNE Bizkaiak defendatzen duen ereduaz".
Azkenik, EHNE Bizkaiako ordezkariak plan hau lantzeko prozesuari berari buruz hitz egin du: "Guk gobernantza-eredu berrien aldeko apustua egin dugu, eta entzute aktiboa eta baterako lana oso positiboak izan dira".
Suspertze Planean jasotako 14 neurriak honako hauek dira: