EHNE Bizkaiak parte hartu zuen atzo, ekainak 19, Aldundiko abeltzaintza zerbitzuak antolatutako informazio-bileran, sektoreari gaixotasun hemorragiko epizootikoaren (GHE) eta Mingain Urdinaren egungo egoerari buruzko azken datuak eta informazioa helarazteko.
Foru erakundeak GHEk Bizkaian duen eraginari buruz emandako datuen arabera, 2023an 2.630 animalia gaixotu ziren, eta horietatik 430 gaixotasunaren ondorioz hil ziren. Kontuan izan behar da datu horiek jakinarazitako animaliei buruzkoak direla, guztiak ez baitzaizkie erakundeei jakinarazten.
Adituen arabera, gaixotze-tasa (kutsatutako animalien eta gaixotzen direnen arteko erlazioa) %10 ingurukoa da; Bizkaiko behi-aziendaren ehuneko handi bat iaz infektatu zen. Kutsatutako animaliek 4-5 urteko immunitate-aldia dute; beraz, teorian, gaixotasuna ugaltzen bada, arinagoa izango da.
Datu horiek gorabehera, Aldundiak ez du oraingoz salbuespenezko neurririk aurreikusten, eta a posteriori bakarrik jardungo luke, hau da, neurriak hartuko ditu iazkoa bezalako gertakariak errepikatzen badira.
Mingain urdina
Era berean, Foru Aldundiak mingain urdinaren intzidentziaren berri eman zuen. Beste gaixotasun biriko hori, GHEk bezala, eltxo baten ziztadaren bidez transmititzen da, eta eltxo horrek bektore lana egiten du.
Kantauri isurialde osoan, Galiziatik Kantabriaraino, 4. serotipoa detektatu da; Frantzian, berriz, 8. serotipoa da nagusi, Gironan duela gutxi gertatu den kasu batekin. Gertutasuna dela eta, Aldundiak zabalik utzi du txerto bibalentearekin borondatez txertoa jartzeko aukera (4. eta 8. serotipoetarako).
Bizkaiko erroldaren %25 eta %30 bitartean txertatu dira borondatez, batez ere mendia edo herri-larreak erabiltzen dituzten ustiategietakoak. Hala ere, foru erakundeak onartu du arazoak daudela behien hornidurarekin, baina ziurtatu du gaur egun Aldundiak stock nahikoa duela.