Aitor Urresti: «Berriztagarriak dira etorkizuna, baina ereduak zalantzak sortzen ditu»
Erregai fosilak jada baztertu daitezkeen sektoreetan energia berriztagarriak «lehenbailehen» hedatzera deitu du Urrestik, eskualde bakoitzaren beharretara egokituta.
[Berria]Erregai fosilekiko menpekotasunari buruzko jardunaldi batzuk egiten ari dira hilabete honetan Bilbon, eta horietan parte hartu du Aitor Urresti Ingeniaritza Termikoan doktore eta EHUko irakasleak (Bilbo, 1975). Petronorren jarduera izan zuen hizpide hilaren 9an, Sara Ibañez Meatzaldea Bizirik taldeko kidearekin batera. Gaur, krisi ekologikoaren ondorioei buruz arituko dira ELA eta LAB sindikatuetako ordezkari bana, 18:00etan, Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan. Maiatzaren 30ean, alderdi politikoen arteko mahai inguru bat izango da. Urrestik nabarmendu du energia berriztagarriak behar baino motelago ari direla hedatzen, eta hedatze horren ereduari buruzko eztabaida bat falta dela gizartean.
Erregai fosilekiko menpekotasunari dagokionez, nola dago Euskal Herria orokorrean? Zenbat ari dira hedatzen berriztagarriak?
Iparraldeko datuak aurkitzea ez da erraza, baina Frantziako Estatuak energia berriztagarrien inguruan daukan portaera arduratzekoa da. Energia nuklearraren aldeko apustua egin du historikoki, eta hala ari da oraindik ere, erregai fosilak baztertzeko. Energia berriztagarriak oztopo bat dira haren politikentzat. Nafarroan, bere garaian, parke eoliko asko egin ziren, eta azken urteetan etorri den energia berriztagarrien bolada gogor jotzen ari da, EAEn bezala. EAEn gertatzen dena da 1990eko hamarkadaren amaieratik 2010era arteko lehen boladan berriztagarri oso gutxi iritsi zela. Alde horretatik, egoera nahiko makala da, energia berriztagarriak ez baitira iristen kontsumitzen den %10 estaltzera. Konparatzearren, estatu mailan %20tik gorakoa da datua. Lan handia dago egiteko.
Erregai fosiletatik aldentzeko jarrera irmoa dela uste duzu?
Ikusi beharko litzateke zer gertatuko litzatekeen Repsolek esango balu halako tokitan hainbeste tona petrolio dagoela. Egia da gure herrialdean ez dela sekula ere aurkitu petrolio edo gas biltegi handirik, nahiz eta geologikoki aukera onak izan ditzakeen. La Gaviota izan da kasu bakarra, Bermeoren pareko uretan [Bizkaia]. Baliteke horren iparraldean ere zerbait egotea, baina baimen batzuk eskatu ziren eta azkenean ez zen ezer ere egin, eta ez dirudi aukera bat izango denik. Are gutxiago, etorkizuneko mugimenduak ikusita. Dena dela, Errioxan, hor dago Viurako baimena, Eusko Jaurlaritza haren parte da Energiaren Euskal Erakundearen bitartez, eta hor gas naturala ustiatzen ari dira. Baina nahiko biltegi txikia da.
Eusko Jaurlaritzak erregai fosiletan dituen baliabideen desinbertsiorako plan bat onartu beharko du, trantsizio energetikorako legean jaso duenez. Nola egin beharko litzateke?
Lehenik eta behin, pentsatu behar dugu Eusko Jaurlaritzaren menpeko Euskal Energiaren Erakundeak badaukala enpresa propio bat, Hidrocarburos de Euskadi izena duena, eta enpresa horrek inbertsio nahikotxo dituela gas naturalaren esplorazioaren alorrean. Lehen aipatu dugun Viurako putzuan ere inbertsio batzuk eginda ditu. Ikusi behar da desinbertsio hori zer epetan egin daitekeen. Ondoren, aztertu beharko lirateke erregai fosilak bultzatzen dituzten sektoretan egiten diren zeharkako inbertsioak, ematen diren diru laguntzak eta abar, eta horiek amaitu.
«Petronor zeharka onartzen ari da sektore askotan posiblea dela erregai fosilak albo batera uztea»
Erregai fosilak alboratzeko, energia trantsizio bat beharrezkoa da. Zer ezaugarri izan behar ditu, zure ustez?
Trantsizio energetikoa ez da bakarrik entxufea erregai fosiletatik kendu eta energia berriztagarrietan sartzea. Harago joan behar dugu. Gure sistema energetikoan gauzka asko gaizki dabiltza. Energia asko xahutzen ari gara. Beraz, energia aurrezteko bide bat jorratu behar da. Ikuspegi demokratiko batetik, bidezko trantsizio bat egin behar da. Jende askok ez dauka energiarako sarbiderik. Era berean, badakigu ekonomian sektore batzuk desagertu egingo direla, eta langile horiei erantzun bat eman behar zaie. Bestalde, gure sistema energetikoaren gehiengoa oligopolio baten eskuetan dago. Kontuz ibili behar dugu enpresa horiek ez ditzaten eskuratu onura guztiak. Energia berriztagarriek duten abantailetako bat da sistema txikiak egin daitezkeela. Zenbat eta sistema gehiago eta eragile gehiago sartu gure sisteman, orduan eta demokratikoagoa izango da, eta hori ere interesgarria da.
Energia berriztagarrien azpiegitura handiek kezka piztu dute gizartearen zati batean. Nola bultzatu daitezke berriztagarriak era arduratsu batean?
Nire ustez, jendeak argi du energia berriztagarriak direla etorkizuna, baina ereduak zalantza eta kezka asko sortzen ditu. Uste dut erantzuna desberdina izango litzatekeela, lehenik eta behin, aztertuko balitz eskualde bakoitzean zenbateko energia berriztagarria behar den, benetako kontsumoari lotutako instalazioak proposatuko balira. Eta, horrekin batera, Euskadiko [trantsizio energetikorako eta klima aldaketarako] legeak jasotzen duen kontzeptu bat dago: sozializazioa. Hau da, bertakoek onura ekonomikoen parte bat lortzea. Eztabaida bat egin behar da gizartean. Oraindik egiteko dago, eta, bitartean, enpresa handiak beren eredu propioa ari dira ezartzen. Hori da niretzat kezkagarriena.
«Erregai fosilek beste 50-100 urte iraungo dute. Klima larrialdirik ez balego ere, trantsizioa egin beharko genuke»
Adierazi duzu berriztagarriak hedatuta ere elektrifikatu ezingo diren sektoreak daudela; esaterako, Petronorrek. Erregai fosilak beharko dira etorkizunean?
Petronorrek eta Josu Jon Imazek halakoak esaten dituztenean, zeharka onartzen ari dira sektore askotan posiblea dela erregai fosilak albo batera uztea. Lehenbailehen egin behar duguna zera da, lanean hasi dagoeneko berriztagarriak aukera bat diren sektore horietan. Egia da beste sektore batzuetarako gaur egun aukera gutxi daudela berriztagarrientzako, eta aukera horiek garatu egin behar direla. Bada, sektore horiek izango dira deskarbonizatzen azkenenak. Adibidez, tenperatura altuko industriaren sektorean, oraindik irtenbideak bilatu behar ditugu, eta gure lurraldean arlo horretako enpresa asko dauzkagu; burdingintzakoak, adibidez.
Kasu horietan, zein da aukerarik onena gaur-gaurkoz?
Petronorrek ustiatzen duen aukera bat bada: hidrogenoa. Askotan saltzen da edozertarako baliagarri izango den energia bektore gisa, baina energia asko xahutzen da hidrogenoaren sorreran eta erabileran, eta, beraz, soilik erabili beharko litzateke deskarbonizatzeko beste aukerarik ez dagoenean.
Lurra berotzeaz gain, zer beste ondorio dakartza erregai fosilekiko menpekotasunak?
Erregai fosilekiko daukagun menpekotasunak dakarrena da menpekotasun politiko bat ere izatea herrialde batzuekiko. Gainera, herrialde horietan ingurumen kalte izugarriak sortzen ari dira gure kontsumo energetikorako, eta baita desberdintasun ekonomiko handiak ere. Erregai fosiletan aberatsak diren herrialde asko ekonomikoki oso txiroak dira, gure enpresak hara joan direlako baliabide horiek ustiatzera eta ez dutelako onura ekonomikorik uzten han. Halako kasu asko daude, eta kontrako gutxi. Aldi berean, erregai fosilak agortzen ari dira, eta munduko energia kontsumoaren hiru laurden baino gehiago erregai fosiletan oinarrituta dago. Aurreikuspenen arabera, uste da erregai fosilek beste 50-100 urte iraungo dutela. Hau da, klima larrialdirik ez balego ere, trantsizio hori egin beharko genuke.