Alberto Frias eta Aitziber Sarobe: “Trantsizio energetikoa?”

* Alberto Frias Ekonomiako doktorea eta ingurumen abokatua da
* Aitziber Sarobe biologoa eta natur kontserbazionista da

«Goiz batean, lo lasai baten ondoren, Gregorio Samsa intsektu izugarri bat bihurtuta esnatu zen». Horrela hasten da Franz Kafkaren Metamorfosia lan ezaguna. Euskal Herriko lurraldearen metropolizazio-prozesuarekin pareka daitekeen egoera da hori, Euskal Herritik Euskal Hirirako prozesua: berezko nortasun-ezaugarriekin bizi eta sentitu dugun lurraldea energia zein materialen fluxuen eremu globalizatu bihurtzea, metropoli neoliberala. Burdinoletatik ontzigintzara, industria-iraultzatik zerbitzuetara, horrek dituen gizarte-, kultura- eta ingurumen-ondorio guztiekin.

cambio climatico klima aldaketa

[Berria]

Gure ibai eta errekak hormigoizko hilkutxak bihurtu, haranak gaineztu, nekazaritza-lur emankorrenak porlanez antzutu, eta biodibertsitatea hondatu duen eremuaren kapitalizazio-prozesu honek mendiak ditu orain jomugan: gure imajinario kolektiboaren azken txokoa, paisaia mespretxatuz eta, ondorioz, paisaiak gure identitatearen eraikuntzan duen garrantziari muzin eginez; jakinda, paisaia dela lurraldeari atxikitako nortasuna garatzea ahalbidetzen duen elementu sinboliko nagusienetarikoa. Lurraldearekiko pernada-eskubide modukoa berrezarri da, orain energiaren baitakoa eta kolore berde berriztagarriaz estalia, beste oldarraldi espekulatibo baten ondorioz.

«Lurraldearekiko pernada-eskubide modukoa berrezarri da, orain energiaren baitakoa eta kolore berde berriztagarriaz estalia, beste oldarraldi espekulatibo baten ondorioz»

Lehendabizi hazkundearen mugak (Erromako Kluba, 1972), ondoren garapen jasangarria (Rio de Janeiro 1992), orain klima aldaketaren (Kyotoko Protokoloa 1997, Parisko Akordioa 2015) ondoriozko trantsizio energetikoa. Naturaren eta gizartearen arteko metabolismoan sortutako haustura ekologikoa, «haustura antropogenikoa» edota F. Engelsen hitzetan «naturaren mendekua» bezala ere ezagutzen dena arintzera zetorren garapen jasangarria, jasanezina dena eramangarri bihurtzeko ke-lainoa dela ikusi da. Garapen jasangarriaren bidetik etorkizunaz ari diren apostoluek hilotza dute ahoan. Inork sinets dezake hausturaren eragileak direla konponbidea aurkituko dutenak?

Berotegi-efektua, klima aldaketa, larrialdi klimatikoa, energia-krisia... Egiaztapen zientifikotik alarma sozialera pasa gara, azkenean adiera (azalpen) ekonomiko batera iristeko. Hitzek esanahi nahasgarriak (edota interesatuak) eragin ditzakete, borroka ideologikoaren tresna bihurtzen direnak: trantsizio energetikoa da horietako bat. Horren adibide dira EAEko Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legea, Nafarroako Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko 4/2022 Foru Legea edota Espainiako Erresumako Trantsizio Ekologikorako Ministerioa.

«Hitzek esanahi nahasgarriak (edota interesatuak) eragin ditzakete, borroka ideologikoaren tresna bihurtzen direnak: trantsizio energetikoa da horietako bat»

Lege-multzo gero eta zabalagoak aho batez onartzen du trantsizio hitza, zeinak esan nahi duen: aldaketa, eraldaketa edo metamorfosia (berriz ere Kafkaren Gregorio Samsa). Aldi berean, trantsizio energetikoa honela definitzen da: berotegi-efektuko gasen isuriak saihestera bideratutako energiaren ekoizpen-, banaketa- eta kontsumo-ereduen aldaketa multzoa.

Energiaren ekoizpen-, banaketa- eta kontsumo-ereduei dagokienez, benetan inork pentsa dezake, intelektualki zintzoa izanda, trantsizio energetikoaz hitz egin daitekeela kontsumoa (energetikoaz haratago) murriztu gabe? Gure ehun industrial intentsiboaren kapitala eta energia ukitu gabe? Joan-etorriak mugatu eta autoaren erabilera baztertuko duen garraio kolektiboaren sareak artikulatu gabe? Kontsumo-gizartea eta zaharkitze planifikatua amaitu gabe? Teknologia bizitzak lurraldean dituen mugetara egokitu gabe? Erabilera-balioa berreskuratu gabe, truke-balioaren aurrean?

«Energiaren ekoizpen-, banaketa- eta kontsumo-ereduei dagokienez, benetan inork pentsa dezake, intelektualki zintzoa izanda, trantsizio energetikoaz hitz egin daitekeela kontsumoa (energetikoaz haratago) murriztu gabe? Gure ehun industrial intentsiboaren kapitala eta energia ukitu gabe?»

Banaketa-ereduari dagokionez, energia berriztagarrien eta energia-eraginkortasunaren diskurtso jainkotuarekin bat datorren tokiko eredu deszentralizatuaren aldeko apustua egin beharrean, errealitate gordinak erakusten digu tentsio oso altuko elektrizitate-linea amaigabeak eraikitzea dela asmoa, ebakuaziorako zein garraiorako. Hego Euskal Herrian egun izapidetzen ari diren Forestaliak (Kyoko, Ume, Tebe, Tara Umiko) eta Red Eléctrica de Españak (Itxaso-Castejón/Muruarte, Gueñes-Itxaso, Bizkaizko Golkoko itsaspeko interkonexioaz gain) sustatutako 400.000 volteko proiektuak onartze hutsak, 90 metro luzeko 1.500 dorre lotuko lituzkeen 700 kilometroko gurutze-bidea eraikitzea suposatuko luke.

Ez gaude paradigma-aldaketa berri baten aurrean, inoiz ez baita benetako energia-trantsiziorik gertatu, baizik gehikuntzarako aldaketa berri baten aurrean. Legedi berriak ahalbidetzen dituen energia berriztagarriei lotutako proiektuak bateraezinak dira babestutako eremu eta espezieen araudiekin, lurralde-antolamenduarekin, nekazaritza eta basogintzarekin, elikadura-subiranotasunaren eta landa-ingurunearen babesarekin (esleitzen zaion funtzio-aniztasunarekin); kontrara, lurzoruaren artifizializazioa zein lehengaien agortzea areagotuko lituzkete.

«Ez gaude paradigma-aldaketa berri baten aurrean, inoiz ez baita benetako energia-trantsiziorik gertatu, baizik gehikuntzarako aldaketa berri baten aurrean»

Ez dago konponbide errazik klima-aldaketari aurre egiteko, ezin da tortilla bat egin arrautzak hautsi gabe. Era berean, ez da nahikoa zer sektoretan, zein intentsitatetan, zein efektutan eta nola arinduko dituen zehaztu gabe, eta ez da nahikoa energia berriztagarrietara jotzea irtenbide magiko gisa, biodibertsitate naturala eta kulturala galtzeko duen korolarioarekin.

Benetako herri-eztabaida behar dugu, gehiegi atzeratu dena, energia-eredua ehun produktiboaren kualifikazioarekin eta eraldaketarekin batera aztertzeko eta, aldi berean, eraginkorragoak eta sinesgarriagoak diren energiaren kontrol publikoa bezalako neurriak irudikatzeko, baldin eta lurraldearen harrera-gaitasuna gaindituko ez badugu. Jasangarritasunari lotutako planteamendu diskurtsiboak gauzatzetik bereizteak, alegia, trantsizio energetikoaz hitz egiteak sistema ekonomikoaren oinarriak auzitan jarri gabe, norberak bere buruari tranpa egiteaz gain, gure lurraren desjabetze globalaren prozesuaren beste jauzi baten atarian jartzen gaitu.

«Benetako herri-eztabaida behar dugu, gehiegi atzeratu dena, energia-eredua ehun produktiboaren kualifikazioarekin eta eraldaketarekin batera aztertzeko eta, aldi berean, eraginkorragoak eta sinesgarriagoak diren energiaren kontrol publikoa bezalako neurriak irudikatzeko, baldin eta lurraldearen harrera-gaitasuna gaindituko ez badugu»

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.