Jose Antonio Lekue: “Ni bai, egon nintzen Bilbon”

mobilizazioa eutsi baserriari txaloka

[Argia]

José Antonio Lekue Jauregi
- Baserritar ohia eta pentsioduna -

Otsailaren 9an EHNE-Bizkaiak eta ENBA-Bizkaiak Bilbon deituta manifestazio-kontzentrazioa egin genuen Bizkaiko baserritarrek eta elkartasuna adierazteko hurreratu ziren hainbat herritarrek. Zenbait eskualdetatik etorritako ehun bat traktore batu ziren San Mames inguruan, ondoren Gran Vian zehar Areatzara heltzeko.

Traktoreen martxa ikusgarria izan zen, bakoitzak bere leloak zeramatzan karteletan, gehienak baserri txikiaren ereduaren aldekoak, eta horrek lagundu du aspaldiko partez eztabaida zirkuitora sartzea nekazaritza eredua eta elikadura.

Nekazaritza eredu iraunkorra, nekazariek bizimodu duina izateko modukoa, nekazari txikien aldeko politika publikoak, erreleboa sustatzea, Europatik datozen diruen (NPB) banaketa justuagoa eta abar eskatu zituzten ekitaldiaren amaierako hitzaldian.

Gaur egun, politika publikoen bidez sustatzen den nekazaritza ereduak eragin zuzena du mundu mailan dagoen arazo larrienetako batengan, klima aldaketarengan. Hainbat aldiz esan dugu elikagaiek, batez beste, 2.000 kilometro baino gehiago egiten dutela ekoizten diren tokitik platerera, eta horrek eragin zuzena duela arazo horretan. Eta hala eta guzti ere, ez du eragin handirik izan Europako politikariengan, ezta gizartearengan ere. Baina klima aldaketak suposatu dezakeen krisia baretze aldera, Europa mailako mobilizazioetan parte hartu duten nekazariek, kanpotik datozen produktuak ekoizteko erabiltzen diren baldintza berdinak eskatu dituztenean, orduan bai, larritu egin gara.

Arazoa da Europako gizarteak (Euskal Herrikoak barne) eta ezkerreko sindikatu eta alderdiek ez dutela elikadurari buruzko eztabaida ezta hausnarketa sakonik egin aspaldian

Hala ere, kezkatzekoa da Europako nekazari batzuk EBko klimaren aldeko neurrien kontra agertzea. Arazoa da Europako gizarteak (Euskal Herrikoak barne) eta ezkerreko sindikatu eta alderdiek ez dutela elikadurari buruzko eztabaida ezta hausnarketa sakonik egin aspaldian. Eta arazo larria dena da gero eta nekazari gutxiago dagoela, elikagaiak jan beharrean produktuak jaten ari garela, mundua krisi ekologikoan murgilduta dagoela, eta politika publiko gehienak hori eragiten duten noranzkoan doazela.

Ez nago fitosanitario kimikoak eta herbizidak erabiltzearen alde, ezta hormona eta antibiotikoez baliatzearen alde ere, agroindustriaren aurka nago, eta horrexegatik nekazaritza ekologikoa sustatu beharra daukagula uste dut

Horrexegatik, kalean egon den nahaste, zalantza eta iritzi kontrajarriak egonda ere, Bilbora joan nintzen EHNEk eta ENBAk deituta, egoera hau salatzera.

Ez nago fitosanitario kimikoak eta herbizidak erabiltzearen alde, ezta hormona eta antibiotikoez baliatzearen alde ere, agroindustriaren aurka nago, eta horrexegatik nekazaritza ekologikoa sustatu beharra daukagula uste dut. Goian aipatu bezala, manifestazioko ekitaldian exijitutakoarekin bat nator.

Eta lan honetan ezin ditugu baserritarrak bakarrik utzi. Beste arlo batzuen moduan, hala nola feminismoa, euskara, pentsiodunen mugimendua... elkarguneak eta aliantzak bilatu beharra dauzkagu.

Elkarguneak eta aliantzak bilatu beharra dauzkagu. Eta behar bada nekazariek beraiek ere gauza batzuk aldatu beharra izango dute. Sektore berri eta indartsua gura badugu barrutik ere aldatu beharko litzateke, akaso

Argi izan behar dugu hau guztia lortu gura badugu nekazariei bizi baldintza egokiak eskaini behar zaizkiela, soldatak, pentsioak, lan baldintzak...

Eta behar bada nekazariek beraiek ere gauza batzuk aldatu beharra izango dute. Sektore berri eta indartsua gura badugu barrutik ere aldatu beharko litzateke, akaso.

Horrek guztiak politika publiko garbiak eta zehatzak behar ditu, nekazariekin eta gizarte eragileekin elkarlanean bultzatuko direnak.

Azken hamarkadetako nekazaritza politika ilun honetatik irteteko gardentasuna ezinbestekoa izango da, konfiantza berreskuratu beharko da, horretarako datu estatistikoak eguneratu, ondorioak atera, argitaratu eta ondoren neurri politikoak hartzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.