Aritz Otxandiano: “Trantsizio energetikoari, ezetz?”

Aerosorgailu. Aerogenerador.

[Berria]

Berriki Euskal Herria Bizirik sarea aurkeztu da, erretorikatik haratago, energia berriztagarrien hedapenaren aurkako posizio itxi eta erabatekoa duen kolektiboa. Beren jarrera justifikatzeko bizi dugun testuinguru konplexua muturreraino sinplifikatzen dute, kontakizun nagusi hau oinarri hartuta: trantsizio energetikoa eliteek zuzendutako fartsa bat besterik ez da, gure mendiak eta lur emankorra pribatizatu eta suntsituz, kapitalismo berdearen agenda desarrollista inposatzea helburu duena. Haien ikuspegiaren arabera, landa-eremuetako biztanleek jasango dute fartsa horren kalterik handiena, berriztagarrien hedapenak haien ingurunea eta bizimodua suntsituko baititu.

Kolektibo honen iritziz, klima larrialdiari aurre egiteko eskala eta teknologia desberdinetako energia berriztagarriak hedatzea ezinbestekoa dela defendatzen dugunok gure idealak eta printzipioak saldu ditugu, berdez margotua datorren betiko eredu kapitalistaren mesedetan. Hori esaten dute jakinda ekonomiaren esfera materiala murriztea defendatzen dugula, hau da, desazkundea, eta, aldi berean, gizarte post-kapitalista bat dugula helburu, besteak beste, energia sektorea demokratizatuko duena. Eztabaida honetan emozioak arrazionaltasunaren gainetik daudela gero eta nabariagoa den arren, beharrezkoa da zenbait premisa zalantzan jartzea eta gogoeta batzuk partekatzea, ez dezagun, kapitalismo berdearen aurkako borrokaren izenean, erregai fosilen kapitalismo grisa betikotzen bukatu.

1. Lehenik eta behin, kontuan hartu behar da, haren hitzetatik ondoriozta daitekeenaren kontrara, landa-eremuetan bizi garen gehienak, zuzenean edo zeharka, industriatik edo turismotik bizi garela, eta, gainera, eremu urbanoetako biztanleen bizitza estilo bertsua partekatzen dugula. Beraz, ez dator bat errealitatearekin landa-komunitateei haiek behar ez dituzten azpiegiturak inposatzen zaizkiela dioen argudioa.

2. Bigarrenik, haren kontakizunetik ondoriozta daiteke landa-komunitateak gure mendiak hartzen dituzten ekosistema natural aberatsen zaindariak garela. Zoritxarrez, hori ere ez dator bat errealitatearekin, bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan. Bi lurralde horietan mendi gehienak pribatuak dira, eta badira hamarkada asko egur-industriaren zerbitzura jarri zirela basogintza eredu intentsibo bat jarraituz ustiatuak izateko, edo, bestela, abeltzaintzarako larreak dira, parke naturalen barruan dauden eremuak barne. Energia berriztagarrien hedapen zentzudun eta ordenatua egitearekin batera, egungo basogintza-eredua eraldatzen badugu, ziur nago Euskal Herriak biodibertsitatean irabaziko duela.

«Oraindik ez dut lortu ulertzea parke eoliko batek nola mehatxatzen dituen nekazaritza edo abeltzaintza. Energia berriztagarrien hedapena eta elikadura burujabetza ezin daitezke elkarren kontra jarri, bateragarriak izan behar dira, eta agrivoltaikoa bezalako soluzioekin, gainera, osagarriak ere izan daitezke»

3. Hirugarrenik, esaten dute berriztagarrien hedapena mehatxua dela lehen sektorearentzat. Oraindik ez dut lortu ulertzea parke eoliko batek nola mehatxatzen dituen nekazaritza edo abeltzaintza. Eta energia fotovoltaikoaren kasuan, berriz, hirigune zein zona degradatuetan teknologia fotovoltaikoa hedatzeko dagoen potentziala egoki aprobetxatuz gero, landa lurrean beharko litzatekeen azalerak ez luke, inolaz ere, lehen sektorearen etorkizuna baldintzatuko. Energia berriztagarrien hedapena eta elikadura burujabetza ezin daitezke elkarren kontra jarri, bateragarriak izan behar dira, eta agrivoltaikoa bezalako soluzioekin, gainera, osagarriak ere izan daitezke.

4. Laugarrenik, kolektibo horrek oso begirada mugatu eta partziala du energiari lotutako ingurumen inpaktuei dagokienez. Azpimarra handia jartzen dute energia berriztagarrien hedapenak gure ingurune hurbilean izango lituzkeen ondorioetan eta, berriz, oso txikia egungo sistema fosilari lotutako ingurumen inpaktu globaletan. Funtsean, sistema energetiko berriztagarri eta zirkular baten ingurumen-inpaktu globalak sistema fosil batekin alderatzea litzateke kontua, azken honen inpaktuak askoz handiagoak izanik, baita biodibertsitatean ere.

«Eskala ertain eta handiko azpiegitura berriztagarriak hedatu ezean, hiru eszenatoki hauen artean aukeratzera behartuta egongo ginateke: fosilak erretzen jarraitzea, ondorio katastrofikoak izango lituzkeen klima-aldaketa eragin arte; beste lurralde batzuek ekoizten duten energia berriztagarria gurera ekartzea, gure trantsizioaren inpaktuak lurralde horien bizkar utziz; edo energia-kontsumoa muturreraino murriztea, gure egitura sozio-produktiboari uko egitera behartuta egoteraino, eta, ondorioz, XIX. mendearen erdialdean zegoenaren oso antzekoa litzatekeen biziraupen-ekonomia batera bueltatuz»

5. Bosgarrenik, energia kontsumoa murriztu eta autokontsumoa sustatzearekin batera, eskala ertain eta handiko azpiegitura berriztagarriak hedatu ezean, hiru eszenatoki hauen artean aukeratzera behartuta egongo ginateke: fosilak erretzen jarraitzea, ondorio katastrofikoak izango lituzkeen klima-aldaketa eragin arte; beste lurralde batzuek ekoizten duten energia berriztagarria gurera ekartzea, gure trantsizioaren inpaktuak lurralde horien bizkar utziz; edo energia-kontsumoa muturreraino murriztea, gure egitura sozio-produktiboari uko egitera behartuta egoteraino, eta, ondorioz, XIX. mendearen erdialdean zegoenaren oso antzekoa litzatekeen biziraupen-ekonomia batera bueltatuz. Azken eszenatoki horrek, herritarren bizi-baldintzak nabarmen okertzeaz gain, gure ongizate ereduaren zutabe nagusiei uko egitea suposatuko luke: osasuna, hezkuntza, gizarte-segurantza, gizarte-zerbitzuak, etab.

6. Eta seigarrenik eta azkenik, trantsizio energetikoari ekiteko aurretiazko baldintza gisa eredu sozioekonomikoa errotik eraldatu behar dela aldarrikatzea, egungo gizartean nagusi den testuinguru sozial eta antropologikoan eraldaketa hori egiteko ibilbide-orri errealistarik izan gabe, politikoki antzua izateaz gain, NIMBY fenomenotik hurbilago dauden posizioak elikatzen ditu, benetan eraldatzaileak diren posizioak indartu beharrean, eta, horrek, erregai fosilen kapitalismo grisaren statu quo-a betikotzea dakar.

«Behar duguna ez da energia berriztagarrien hedapenaren aurkako posizio itxi eta erabatekoa, baizik eta eraldaketa eko-sozial baterako agenda partekatu eta errealista bat, eragile ezberdinak eta, oro har, herritarrak inplikatuko dituena»

Finean, klima larrialdia gizadiak duen mehatxu nagusia den garaiotan, behar duguna ez da energia berriztagarrien hedapenaren aurkako posizio itxi eta erabatekoa, baizik eta eraldaketa eko-sozial baterako agenda partekatu eta errealista bat, eragile ezberdinak eta, oro har, herritarrak inplikatuko dituena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.