Gorka Menendez laboraria da eta Botanika irakaslea EHUn. Sare sozialetan mezu bidezko hari hau zabaldu du, laborariak traktoreekin egiten ari diren protesta kokatzen duena.
[Argia]Aztoratuta dabil lehen sektorea eta traktoreak hasi dira gurean ere errepideak hartzen.
Ni neu ustiategi txiki bateko nekazari izanda interesgarria deritzot protestaldi honen inguruko zenbait hausnarketa egitea.
Europatik azken asteotan hedatuz joan diren mobilizazioen aurrean, atzo Europar Batasunaren lehen mugimendu ofiziala ikusi genuen. Zein eta pestiziden eta agrokimikoen erabilera murriztea helburu zuen legea atzera botatzea. Hara! Nekazarien aldarria gure elikagai eta lurretan pozoia erabiltzen jarraitu ahal izatea da? Ba bai eta ez. Eta horra hor azpimarratu beharreko lehenengo gauza: "nekazarien" kategoria horren atzean klase interes eta ikuspegi politiko eta sozial erabat kontrajarriak dituzten eragile eta norbanakoen kakanahaste izugarria dago. Estatu espainiarrean oihartzun eta mobilizazio gaitasun gehien izan duen "nekazarien" taldeak 12 puntuko aldarrikapen zerrenda plazaratu du. Eta horien artean:
- Lehenengoa: PAC berriaren exigentzia agroanbientalen murriztea. (Monsanto friendly, glisofatoak molatxen du)
- Ingurumenaren eta espezieen babeserako legedia bertan behera utzi. (?!)
- Uraren aprobetxamenduari buruzko aipamen anbiguoa (Doñana dardarka)
- Sektorea kaltetzen duen Geoingenieria Klimatikoa ikertzeko aldarria (Aldaketa Klimatikoarik ez, ez, magufismo bai, bai)
Beraz, kontu handia izan "nekazari" edo "lehen sektore" bezalako kategoria orokor-abstraktuekin. Noski, horien guztien artean bagaude nekazaritza eredu agroekologiko eta eraldatzailea defendatzen dugunok. Gure baserritik ostiralean EHNE Bizkaiak Bilbon deitu duen mobilizaziora batuko gara. Baina lurra lantzeak ez gaitu kriptofaxista, faxista oso edota nekazal jauntxoekin berdintzen.
Gure baserritik ostiralean EHNE Bizkaiak Bilbon deitu duen mobilizaziora batuko gara
Horretaz guztiaz gain, egunotan asko entzun da jendea ohituegi dagoela elikagai merkeak erostera, eta borondate falta duela "kalitatezko" eta bertako produktuak erosteko. Lagunok! Gizarte kapitalistan gaudela!Jendartearen gehiengoak (langile klaseak) duen erosteko ahalmena ez du borondateak ezartzen, jasotzen duen salarioak baizik. Benetan uste dugu jendeak Maroko edo Almeriako tomate ustel-toxikoak borondatez erosten dituela? Ezin gusturago erosiko lituzke bertako tomate ekologikoak, baina jasotzen duen soldata miserablearekin ezinezkoa zaio. Horregatik, ezinbestekoa da errelatoa kontsumoaren gaineko problematikatik harago, salarioaren gaineko borrokan zentratzen hastea. Hau ez da norbanakoak kontsumitzerako orduan duen ardura. Hau jendartea, ekoizpena eta aberaztasun sozialaren banaketa antolatzeko modu jakin bati (modu kapitalista) dagokion arazoa da.
Ezinbestekoa da errelatoa kontsumoaren gaineko problematikatik harago, salarioaren gaineko borrokan zentratzen hastea. Hau ez da norbanakoak kontsumitzerako orduan duen ardura. Hau jendartea, ekoizpena eta aberaztasun sozialaren banaketa antolatzeko modu jakin bati (modu kapitalista) dagokion arazoa da
Azkenik, ezin dugu ahaztu gure nekazal eremuan kapitalismoaren garapena erabatekoa dela. Horrek joera batzuk inposatzen dizkigu, ereduaren barne logikari berezkoak zaizkionak, eta beraz, saihestezinak direnak. Ez direnak borondate edo hautapen kontua, ez nekazariena, ez kontsumitzaileena, ezta momentuko politikariena ere:
- Jabetzaren kontzentraziorako joera.
- Ekoizpen eskalaren etengabeko handitzea.
- Merkatu konpetentziaren gailentzea eta berau eskala internazionalean ezartzeko joera, lan-indarraren banaketa internazionalarekin batera.
- Nekazal eremuetako klase konposizioaren izaera erabat kapitalista: nekazal proletalgoaren garrantzia eta zentzu aurremodernoa duten kategorien egokitasuna (baserritarra, campesino...)
Horrekin guztiarekin, zera azpimarratu nahi dut: kapitalaren logika bera hautsi ezean nekazal auziaren erdigunean dauden arazoak behin eta berriro erreproduzituko dira. Borroka, beraz, jendarte eredu osoaren eraldekatara bideratu behar da. Beharrezkoak ditugun aldarri sektorialetatik hasita, noski, baina arazoaren muina non dagoen ahaztu barik.