Lurrak espekulaziorako eta dirua egiteko helburu bakarrarekin darabiltzaten jabeak badira Euskal Herriko hamaika txokotan; horren adibide nagusi izan dira azken urteotan Arbonako, Senpereko eta Kanboko esperientziak. Baina Hego Euskal Herrian ere badira antzeko kasuak; Uribe Kostan, esaterako, Berangoko Otxantegi Herri Lurra proiektua erresistentzian ari da lursail horretan egin nahi duten hirigintza egitasmoen aurrean. “Hirigintza planak nekazaritzarako oztopo dira, eta hau adibide bat baizik ez da”, salatu du proiektuko kideak. Iaztik, ortu komunala martxan dute Otxantegiko lurretan. Beste behin, bizitza vs. kapitala.
Egungo krisi ekosozialari erantzuteko asmoz abiatu zuen proiektua Berangoko gazte talde batek, eta hiru zutabe ditu: elikadura burujabetza sustatzea, etxebizitza eskubidea aldarrikatzea eta aisialdi eredu alternatiboak eraikitzea. “Elikadura burujabetzan, iaz hasi ginen Otxantegiko lurretan ortu komunala egiten, uste baitugu egungo krisian lehen sektorea indartu beharra dagoela”, azaldu dute. Eukalipto eta pinu landaketek eta enpresa eta lurjabe handien mesedetara diseinatutako hirigintza planek guztiz oztopatzen dute nekazaritza proiektuak abiatzeko aukera Uribe Kostan, eta horregatik erabaki zuten lurrak berreskuratzea eta bertan baratzea eta bestelako ekimenak martxan jartzea.
“Inguru honetan lehen sektorea indartsu zegoen garai batean, baina gaur egun ez dago harreman handiegirik, eta beraz, ortua kaletarrei hurbiltzea ere bada gure asmoa”, diote. Asanbalda bidez erabakitzen dute zer eta zenbat erein, eta auzolanean egiten dituzte ortuko lanak. “Uzta kide guztien artean banatzen dugu, eta dohaintzak ere egin izan ditugu”. Hamar bat lagun modu finkoan ari dira ortuan, baina zenbait auzolanetan 30 lagun bildu direla kontatu dute.
Harremanak eta sarea egitea
Aguirre-Lipperheide familiarena da Otxantegiko dorretxearen inguruko lurren zatirik handiena. Haiek dira Berangoko lur azaleraren zazpirenaren jabe, eta proiektuko kideek salatu dutenez, 30 milioi irabazi nahi dituzte hirigintza proiektuarekin. “20 bat urte daramatzate proiektu honekin, eta Berangoko Udalak faborezko tratua ematen die”, salatu dute. Otxantegi Herri Lurretik diotenez, udalak hirigintza plana etxebizitza eskubidea bermatzeko egitasmo bezala saldu arren, benetan etxebizitza arazoa konpontzeko ezer gutxi ari dira egiten. “Guk etxebizitza eskubidea aldarrikatzen dugu, baina hirigintza eredu honen aurka gaude”, diote.
Bestetik, Otxantegikoa herritarren aisialdirako eta sarea egiteko gune garrantzitsua dela aldarrikatzen dute. “Eskualdeko euskara berreskuratzeko ekimenak egin ditugu, liburu aurkezpenak, jai alternatiboak…”. Abenduaren 23an, esaterako, neguko solstizioaren ospakizuna eginen dute. Azaro bukaeran antolatutako erresistentziari esker desalojatuak izatea ekidin zuten, baina proiektuaren etorkizunari kezkaz begiratzen diote kideek. “Argi dugu erresistentziarekin jarraituko dugula”, diote.