Etxaldek bat egin du Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorrarekin

Euskal Herriko mugimendu feministak azaroaren 30erako iragarritako deialdia erregistratu dute ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatu eta erakundeek .

Azaroaren 30eko greba feminista erregistratu dute
Hirugarrena eskuinetik, Amets Ladislao, Etxaldeko ordezkaria
Komunikatu bateratua ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGT sindikatu eta erakundeek

"Deitzaileak garen sindikatuok bat egiten dugu Euskal Herriko Mugimendu Feministak plazaratutako diagnostiko eta aldarrikapenekin.

Greba Feminista orokorraren aldarrikapen nagusia zaintza eskubide kolektiboa eraikitzea da, zaintzen egungo antolakuntza soziala eraldatuz eta Euskal Zaintza Sistema publikokomunitario duina eraikiz. Greba honetara jendarte osoa dago deituta, gizon zein emakume.

Azkenengo 3 urteetan zehar Euskal Herriko Mugimendu Feministak prozesu parte hartzaile emankorra eraman du aurrera, beste hainbat eragile sozial eta sindikalekin batera. Lanketa honen emaitza diagnostiko bateratu bat eta aldarrikapen amankomun batzuk izan dira. Eta aldarrikapen hauek egikaritzeko, greba feminista orokorra deitu dugu gaurkoan.

Greba feminista orokorrak lantokietan inzidentzia izateko helburua du, eta aldi berean horietatik haratago doa. Baita zaintzaren erdiguneko ardura izango duen zerbitzu publiko indartsu batzuen alde borrokatzeko ere Pertsona guztiak gara interdependenteak. Guztiok dugu bizitzan zehar zainduak izateko premia eta baita zaintzeko ardura, guztiok interpelatzen gaitu.

Horretarako hurrengo aldarrikapenak ditugu:

Zaintza sistema duin baten alde:

    • Zaintza duinen unibertsaltasuna eskubide gisa aitortzea eta bermatzea.
    • Zaintza zerbitzuetan pribatizazioarekin eta azpikontratazioarekin amaitu.
    • Sistema publikoa garatu eta indartu behar da.
    • Etxez etxeko zerbitzua indartu eta garatu behar da.
    • Zaintza lanak transbertsalki landu beharra dago: hezkuntzan, osasungintzan eta lan eremuan.
    • Zaintzeko baimenak zabaldu behar dira: loturagramak aldarrikatzen ditugu familia eredu tradizionala gainditzeko eta nahi ditugunak zaintzeko.

Bizitza duinen alde:

    • Lan jarduna murriztu soldata murriztu gabe, hau da, zaintzeko denborak bermatu.
    • Zaintza-lanen birbanaketa gizonek haien ardura har ditzaten.

Zaintza langileen baldintza duinen alde:

    • Etxe barruko erregimena desagerrarazi
    • Lanaren Nazioarteko erakundearen 189. hitzarmena bere osotasunean berretsi
    • Etxeko lana lan-erregimen orokorrean sartu eta gutxieneko soldataren gainetik jarri
    • Zaintza sektoreetako langileen lan-baldintzak hobetzea

Azkenengo urteetan anitzak izan dira sektore feminizatuetan eta zaintza esparruetan emandako borrokak eta lorpenak ere. Emakumeak borrokaren lehen lerroan gaude. 2023an, alegia, HEHan grebak egin dituztenen 2/3 emakumeak izan dira. Ezin da ukatu beraz borroka feministaren izaera eraldatzailea.

Greba Feminista Orokorrak jendarte osoa interpelatzen du. Zaintza guztion ardura da, eta horien antolaketa sozial eta ekonomiko justuago baten aldeko borroka ere bai.

Denon bizitzak erdigunera ekartzeko, azaroaren 30ean denok kalera!".

Ecuador Etxearen irudiak eta albistea .

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.