Nekazal Feminismoak
Pasa den urrian hasiera eman zitzaionetik aurrera doa “Baserritik Mundura”, agroekologia eta Elikadura Burujabetzaren inguruko ikastaroa. Ostiral honetan, martxoaren 9an, laugarren mintegi irekia ospatu genuen. Oraingoan, eta Eskuenaga, Letza eta Ondarroatik pasa ondoren, Igorreko Kultur Etxean izan genuen zita.
Giro zoragarrian 50 pertsona baino gehiago bildu ginen Nekazal Feminismoak gaiaren inguruan entzun eta eztabaidatzeko asmoz. Greba feministaren egun eta mobilizazio historikoen biharamunean benetan ere beharrezkoa zen gai hau argitara ateratzea. Gaia jorratzeko hizlaria aproposak izan genituen gure artean. Mar Garrote, Etxaldeko emakumeak mugimenduaren partaide, Basortu eta Maskilu; Esti Redondo, bera ere Etxaldeko emakumeaken partaide, Bizilur, erakunde ezberdinetan formakuntzan aritua eta elikagaien ekoizle eta Izaskun Urbaneta, Noka Arratiako talde feministako kidea, baita Etxaldeko emakumeak mugimendukoa ere eta elikagaien ekoizle berau ere.
Hitzaldiari hasiera Mar Garrotek eman zion. Berak Etxaldeko emakumeak mugimenduaren sorreraz eta izaeraz hitz egin zigun, mugimendu honek nola izan nahi duen Elikadura Burujabetza eta feminismoaren arteko lotura, agroekofeminismoa ardatz hartuz. Marrek adierazi zuenez “Menpekotasun eta patriarkatu gabeko Elikadura Burujabetza nahi dugu. Feminista bezala bizitza jartzen badugu erdigunean, nola ez dugu jarriko erdigunean elikadura?” Honela, elkar babeserako, formakuntzarako eta esperientzien elkartrukerako esparru ireki bezala definitzen du mugimendua.
Marren hitzen ondoren Esti Redondok ekin zion, honek, Durangaldeko hainbat herritako berdintasun teknikoekin elkarlanean egindako diagnostikoaren berri eman zuen. Durangaldeko landa eremuetako emakumeen errealitateren diagnosi hau egin ondoren, eta bertako ahulgune eta indar guneak definitu ondoren, gainontzeko bailara eta herrietara zabaltzeko ideia dago. Gauzak honela, epe laburrean Debagoienan hasiko dira bertako emakume baserritarren errealitatearen diagnosiarekin.
Izaskun Urbaneta, Noka Arratiako talde feministaren izenean izan berri zen greba feministaren inguruko irakurketa txiki bate gin zuen. Egun historiko honen aurrelanaren inguruan hitz egin zuen, eta izandako erantzunak mugimendu feministaren baitan duen garrantziaz ere.
Bukatzeko Esti Redondok hartu zuen hitza. Honek, Bizilur eta Ehne Bizkaitik emakume baserritarrei eragiten dieten legedien inguruan egiten hari garen analisia azaldu zuen. Hala nola, emakume baserritarren estatutuaz (EAEn 2015ean sortua), Europako Baserritarren eskubideen deklarazioaz (Oraindik onartu gabea) eta Titulartasun partekatuaren inguruko legeaz (Espainiar estatua 2011) mintzatu zen.
Durangaldeko diagnosia eta arinago aipatutako hiru legeen irakurketa feminista denon eskura egongo da datozen egunetan.